Herenegun The Timesek adierazi zuen Suedia eta Finlandia NATOn sartzea pentsatzen ari zirela, eta gaur Finlandiako lehen ministroak adierazi du erabakia datozen asteetan hartuko dutela.
Finlandiako lehen ministroak, Sanna Marinek, adierazi du datozen asteetan hartuko dutela NATOn sartzearen erabakia. Azken inkesten arabera, Finlandiako biztanleen %62 dago aliantza militarrean sartzearen alde.
"NATOn sartzeko eskaria egiteko ikuspuntu ezberdinak daude, eta kontu handiz analizatu behar ditugu", adierazi du lehen ministroak. "Hala ere, gure prozesua nahiko azkarra izango dela uste dut, eta aste gutxian gertatuko da", gehitu zuen.
The Times egunkari britainiarraren arabera, Suedia ere NATOn sartzea pentsatzen ari da, baina egunkariak gehitutakoaren arabera, zailagoa izango du Suediak; izan ere, biztanleen artean ez dago hain ondo ikusita NATOn sartzea; %46a dago aliantza militarrean sartzearekin ados.
Bi herrialde hauek NATOn sartu ezkero, aliantza militarrean 32 herrialde egongo dira, eta tentsioak gora egingo du Errusiarekin, Finlandiarekin muga luzea baitu.