argia.eus
INPRIMATU
Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko betoa kendu du Turkiak
  • Hiru herrialdeek akordioa sinatu dute, Turkiaren eskaerei men eginez. Kurduen aurkako borrokan inplikatuko dira Suedia eta Finlandia. NATO Europa ekialdera zabaltzen jarraitzeak tentsioa areagotuko du Errusiarekin.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 29a
Akordioa iragartzeko prentsa agerraldia. Argazkia: NATO

Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko prozedura abiatzeko aukera zabalik da, behin Turkiak bi herrialdeen aurkako betoa altxatuta –kide berri bat NATOn sartzeko beste guztien aldekotasuna beharrezkoa da–. Betoa ezarri zien hasiera batean, bi herrialdeak “terrorista” kurduak babesten dituztela argudiatuta, bereziki Kurdistango Langileek Alderdiko (PKK) eta Herriaren Babes Unitateetako (YPG) kideak.

Madrilen sinatu dute akordioa hiru estatuetako buruek, NATOren goi bilera aurreko egunean. Eta elkarrekin eman dute horren berri prentsaurrekoan, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenberg-ekin batera. Turkiako Gobernuak ohar bidez adierazi du Suediak eta Finlandiak “guztiz kooperatuko” dutela “PKKren eta bere adarren aurkako borrokan”. Eskakizunetako bat da YPGetako eta PKKko kidetzat jotzen dituen 40 pertsona estraditatzea bi herrialdeek, eta Turkiak adierazi du Stockholm eta Helsinkik “neurriak” hartuko dituztela zentzu horretan. Stoltenberg pozarren agertu da akordioarekin: “Pozik iragarri nahi dut akordio bat dugula Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko. Hirurek memorandum bat sinatu dute Turkiaren kezkei erantzuteko: armen esportazioa eta terrorismoaren jazarpena. Inork ez du sufritu terrorismoa Turkiak beste. Hiru gobernuek terrorismoaren aurkako lankidetza hobetzea adostu dute. Aliatu gisa, Finlandiak eta Suediak Turkiako segurtasunarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute. Horrek esan nahi du estradizioak adostea, Turkiari armen inguruko enbargoa kentzea, eta terrorismoaren eta PKKren aurkako borroka. Segurtasun krisi handienaren aurrean gaude eta Finlandiaren eta Suediaren sarrerek NATO indartzen dute”.

Errusia jo-puntuan

Historikoki herrialde neutralak izan diren Finlandia eta Suedia NATOn sartzeak eragin nabarmena du mundu mailako geopolitikan. Errusiako Gobernuak urteak daramatza salatzen NATO Europa Ekialdeko herrietara zabaltzen ari dela, bere mugak militarki inguratuz. Ukrainako inbasioa ere testuinguru horretan kokatu du Putinek. Maiatzean, gobernuak adierazi zuen bi herrialdeak NATOn sartzea berez ez dela arazo, baina armak ezarriz gero “erantzun” egingo lukeela. Finlandia eta Suediak 1.300 kilometro dituzte Errusiarekin mugan.