argia.eus
INPRIMATU
Finkatua dute eguna, martxoaren 3an jarri nahi dute erabat martxan Zubietako erraustegia
  • Joan zaigun urte amaieran jada kea zeriola ikusi bagenuen ere, itxuraz probaldi fasean duten Zubietako erraustegia eta inguruko azpiegiturak martxoaren 3an jarri nahi dituzte erabat martxan. Hala onartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urte amaierako azken batzarrean.

Usurbilgo Noaua @noaua 2020ko urtarrilaren 03a
Zubietako erraustegia abenduaren 28an. (Argazkia: Zero Zabor)

Gogoan izan, ofizialki azaroaren 28az geroztik probaldi fasean dute Zubietako erraustegia. Noiznahi ikusi daiteke Zubieta gaina, kea dariola. Ondoko argazkia abenduaren 28koa duzue. 

GHK-k abenduaren 16an eginiko batzarrean erraustegia ehuneko ehunean martxan egotetik hurbilago kokatzen gaituen beste erabaki bat hartu zuen. Erraustegia ofizialki pizteko data finkatu baitzuten; martxoaren 3a. Egun horretarako Zubieta gaineko azpiegitura guztiak funtzionamendu betean nahi ditu GHK-k. Aurreikusia zutena baino beranduago izango da. Izatez abendurako behar zuten lan betean. Azken bileran ordea, lehen faseko lanak martxan jartzeko epea luzatzea onartu zuten EAJ eta PSE nagusi dituen kontsortzioko kideek.

"Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak", GHK-ren esanetan.

47,5 milioi euroko aurrekontuak

Erabaki gehiago ere hartu zituzten asanblada berean. 2020rako 47,5 milioi euroko aurrekontua onartu zuen Kontsortzioak. Zehaztu zutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 milioi euroko ekarpen orokorra egin du; bestalde, 39,2 milioi euroko diru-sarrera arrunta jaso da, tarifa berriak aplikatuta. Gainerako 2,2 milioi euroak finantza aktiboetatik etorriko direla aurreikusten da. Gastuen kontuari dagokionez, 2020rako, Kontsortzioaren gastu operatiboa, 35 milioi eurokoa izango dela kalkulatzen da, eta 8 milioi euro baino gehiago Kontsortzioaren interesak eta finantza-gastuak ordaintzeko erabiliko dira. Gainerako 2,2 milioiak inbertsioei eta finantza-eragiketei dagozkie".

Datu bat; 35 milioi eurotik 28 milioi euro errefusa kudeatzera bideratu asmo du GHK-k. "Horretarako, bi bide erabiliko dira ekitaldian zehar: zati bat Gipuzkoako Ingurumen Gunearen bidez tratatuko da, baimendutako koten arabera -kotak handituz joango dira pixkanaka-, eta beste zatia, balorizazio energetikoko planta (erraustegia) erabat operatibo egon arte tratatu ezin dena, Bizkaira bidaliko da. Kudeaketa bikoitz horren harira, hondakinen tratamendurako tarifak aldatzea onartu du Hondakinen Kontsortzioak, % 5eko igoerarekin. Horrela, errefusaren tonako prezioa 173,11 €-tik 181,36 €-ra igaroko da. Biohondakinen tona bakoitzeko tarifa 147,95 eurokoa izango da".