argia.eus
INPRIMATU
Jon Narváez, SETEM Hego Haizea elkarteko kidea
“Finantzaketarik gabe ez dago armarik”
  • Asteburuan Euskalduna Jauregian egin den BBVAren Akziodunen urteko Batzarraren harira, bankuak armagintzarekin dituen loturak salatu dituzte, urtero bezala, Banka Armatua izeneko ekimeneko kideek. Hala, bi pertsonak hitza hartu zuten akzionista kritikoen izenean, eta horietako bat da Jon Narváez, Bilboko Uriolaren galderak erantzun dituena. SETEM Hego Haizea elkarteko kidea da bera.

Maite Txintxurreta Agirregabiria Uriola.eus @uriolaeus 2022ko martxoaren 24a

Batzarraren barruko parte-hartze saioaz gain, KEM-MOC talde antimilitaristak ere beste ekintza bat gauzatu zuen larunbatean, bankuaren irabaziak “odolez zikinduta” daudela irudikatu guran. Hala, trajez jantzitako taldekide bik pintura gorria bota zuten beren burutik behera finantza erakundeak Kale Nagusian duen egoitzaren atean. Ekintzaileek salatu nahi izan dute BBVAk “gutxienez”  5.421 milioi euro bideratu dituela azken urteotan arma-industria finantzatzeko.

 

Parte hartu zenuen Akziodunen Batzarrean. Zelan joan zen?

Banku Armatuaren kanpainakide bezala sartu nintzen beste kide batekin, Koldobi Velascorekin. Urtero sartzen gara kanpainatik batzarrera, BBVAk armagintzarekin dituen loturak salatzeko haien aurrean eta eskatzeko armagintzarekin duten politika aldatzeko edo, hobe esanda, ezabatzeko.

Banka Armatuaren ekintza ostiralean izan zen, Euskaldunan. KEM-MOC ere kanpainaren barruan dago sartuta, eta beti laguntzen dute. Normalean egun berean egiten dute ekintza jauregiaren aurrean, bain aurten hurrengo egunean egin dute, zapatuan, BBVAren egoitzan.

Gure kasuan, batzarrera sartu ginen, beti bezala. Barruan, akzionista kritikoen boto delegazioak ordezkatzen ditugu, eta haien izenean bi adierazpen irakurtzen ditugu, parte-hartzeen txandan. Lehenik, BBVAko presidenteak azaltzen ditu izan dituzten etekin ekonomikoak eta abar. Aurtengoak oso onak izan dira haientzat, eta aipatu behar da sekulako zuriketa egiten dutela, bideo asko emititzen baitituzte etekinekin egiten duten lana azaltzen. Aurten, azpimarratu dute Ukrainara milioi bat euroko dohaintza bidali dutela. Guk, gure parte hartzean salatu dugu hori zinismo hutsa dela; izan ere, bi urtetan, 2019tik 2021era, 5.421 milioi euro bideratu dituzte armagintzara edo armagintzan diharduten konpainietara. Bada, Ukrainara milioi soil bat bideratu dute eta, hala ere, horrek espazio luzea izan zuen asanbladan. Aldiz, armagintzan duten inplikazioak ez zuen tarterik izan parte hartzeen txanda etorri zen arte.

Ukrainaren kasuan, gerra Europara etorrita, ikusgarritasun handiagoa izan ditzakete bankuek armagintzarekin duten loturak eragindako ondorioek?

Ukrainako kasua aukera izan daiteke agerian uzteko gerraren ondorioak, baina munduan gatazka asko daude. Esaterako, guk aipatu genuen bezala, Yemenen dagoen gatazkan Espainiak armak saltzen ditu, BBVAren finantzaketarekin erositako armak, hain zuzen ere. Aurten, batez ere salatu duguna da zer nolako loturak dituzten hegoaldeko mugen militarizazioarekin. Grupo Eulen, ATOS eta Accentoure bezalako enpresak kontratatzen dituzte bideokamerak jartzeko eta migratzaile eta errefuxiatuentzako disuasio sistemak ezartzeko.

Bestalde, armagintza nuklearrarekin lotura handia dute. Negozio horretan dauden zazpi enpresa finantzatu dituzte eta hori oso salagarria da, baina are gehiago, iaztik. Iaz jarri zen abian Arma Nuklearrak Debekatzeko Ituna. Beraz, orain ez da legala arma nuklearren kontua elikatzea; hórrela dio: “Debekatuta dago arma nuklearrekin edonolako egintza debekatuak gauzatzen laguntzea”.

Noski, haien erantzuna izan zen marra gorriak oso markatuta dituztela eta ez dituztela inoiz ere zeharkatzen. Esaten dute ez dutela inbertsiorik egiten gatazkak dauden herrialdeetan. Hori ez da gezurra, baina, guk salatzen dugun bezala, gerra hemen hasten da. Hemen ekoizten dira arma horiek.

Alor horretan inplikatutako enpresak oso ezagunak dira: Airbus, Boeing, General Dynamics, Honeywell International, Jacobs Engineering, Leonardo eta Thales.

Dena den, arma nuklearri lotutako konturik larriena da sekulako inbertsioa izan dela 2019tik 2021era arte. 5300 milioi euro izan dira, aurreko epean baino %66 gehiago.

Horrez gain, azpimarratu genuen finantzaketarik gabe ez dagoela armarik. Badaude ikerketak esaten dutenak lau armatik hiru ez liratekeela existituko finantzaketarik gabe. Orduan, bankuak badira erantzule kontu honetan.

BBVA mundu mailako banku garrantzitsuenetako bat izanik, zaila da horrelako praktikak argitara ateratzea?

Bai, oso zaila da. Guk 24 akzionista kritiko ordezkatzen ditugu, baina pentsatzen dugu askoz ere gehiago direla, nahiz eta agian ez daukaten ekintzaren berri. Eta, bestalde, informazioa argitara ematen dugunean, hedabide askok eskuak lotuta dituzte eta ezin dute ezagutzera eman. Hemen interes asko daude jokoan. BBVA estatu mailan banka armatuaren bigarren postuan dago. Lehenengoan Santander dago. Bada, Santander, Caixabank eta Sabadell bankuen batzar nagusietan ere izango gara, hemendik gutxira izango baitira. Eta armagintzarekin dituzten loturak salatzen jarraituko dugu.

Urtero, martxoa heldu baino lehen, deialdi bat zabaltzen dugu, akzionista kritikoei eskatzeko haien izenean batzarretara joatea inbertsioak salatzera. Banku erraldoi horiek normalean ez dute jarrera irekia izaten, eta ez dute aldaketarik egien. Batez ere Centre Delàs d’Estudis per La Pau-k koordinatzen du, Bartzelonatik. Jordi Calvo da koordinadorea, eta berak dio banketxe txikiekin bildu ondoren, horiek beste jarrera mota bat daukatela, ta batzuekin aurrerapenak ere egin ahal izan direla. Bankuaren tamainaren arabera, jarrera aldatzen da.

Hain justu ere, bi ekintza izango ditugu datorren astean Gasteizen Jordi Calvorekin banka armatuaren inguruan hitz egiteko, hitzaldi bat eta tailer bat.

Egoera hau salatzen jarraitzeko asmoa duzue?

Bai, bankuen jarrera aldatzen ez den bitartean, hala egin beharko dugu. Bakegintzatik proposamenak helarazi behar ditugu. Badakigu jarrera ez dutela erraz aldatuko, baina gutxienez entzun egin beharko dute mezua. Haien jaian saltzen dutenarekin ez dator bat; izan ere, izandako irabaziak ospatzen ari ziren, eta justu une horretan agian ez zitzaien oso atsegina suertatu errealitatea entzutea, hau da, nola dauden haien irabaziak odolez zikinduta.

Armagintzarekiko inplikazioak zuritzeko joera aipatu duzu. Estrategia komunikatibo bat dago hori ezkutatzeko eta gerrarekin etekinak lortzen jarraitzeko?

Bai. Zinismoa dela esan genuen batzarrean, haien aurrean. Eta moral bikoitza. Onartezina iruditzen zaigu, zuriketa handia. Elkartasuna ez da bankuaren errealitatea. Haien errealitatea da gerraren negozioa elikatzea eta horri esker irabaziak lortzea.

Ekintzaile moduan, zigorrak jasotzeko arriskua ekar dezake armagintzaren auzia salatzeak. Esaterako, KEM-MOCeko ekintzaile biren aurkako epaiketa abiatu zen 2019an BBVAren akziodunen batzarraren atean pintura gorria burutik behera botatzeko ekintzagatik. Berriki jaso dute aldeko epaia, ekintza adierazpen askatasunaren baitan kokatzen dela dioena.

Salaketa egitasmo honek bi zati dituela esan daiteke. Batetik, batzarraren barruan egiten duguna, zeina ezin den inondik inora hartu legez kanpokotzat, akziodun batzuen ordezkari gisa jarduten baitugu. Eta bestetik, kanpoan egiten den salaketa dago. Horrekin lotuta, badakigu mozal lege horrek zer nolako ondorioak ekarri ohi dituen. Koldobi Velascok barruan salatu zuen ostiralean BBVAren gerraren negozioa, baina 2019an kanpoko ekintza sinbolikoa egin zuenean, inorri ere minik eman gabe eta ezer ilegala egin gabe, ondorioak izan zituen oraintsu arte. Disuasio sistema bat ezartzen ari dira hala.

Zeozer gaineratuko zenuke?

Aurrezkiak horrelako bankuetara eramatean, agian geure buruari galdetu behar diogu ea koherenteak garen edo ez. Eta ez bagara koherente sentitzen, baditugu alternatibak. Guk beti sustatzen dugu banka etikoa. Gure aurrezkiak banka etikoan sartzen baditugu, ziur egon gaitezke ez direla armagintzara bideratuko. Aldiz, BBVAn baditugu, badakigu gerran erabiliko direla, zati batean behintzat.