Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) "gorabehera politikoen" menpe egon ez dadin, alde guztiek "ibilbide luzeko ituna" adostu beharko luketela esan du Iñaki Goirizelaia errektoreak. Finantzaketa publikoa murriztu egin denez, pribatua indartzeko asmoa du EHUk.
Errektoreak salatu duenez, EHUk ez du irakasle edo ikertzaile lanpostu berriak ateratzeko aukerarik, eta azken urteotako aurrekontuek unibertsitatea "mugara daramate". Dioenez, murrizketa gehiago emanez gero "guztion artean egindako ibilbide positiboa bertan behera geratzeko arriskua dago". Gaineratu du unibertsitatea ez dagoela "zenbaki gorrietan" eta ez dutela langilerik kanporatu, baina beharrezkotzat jo du aurrekontu publikoa "sendotu, areagotu eta bermatzea". Lau urtean 90 milioi euro murriztu da EHUren aurrekontua.
Goirizelaiak egoki ikusten du "baliabide pribatuak erakartzea", donazioen bidez esaterako, EHUren eta inguru ekonomiko eta sozialaren arteko elkarlana hobetuta.
Garikoitz Goikoetxea Berriako kazetariak nabarmendu duenez, "egia da aurten mozketa areagotu egin dela, baina kontuan hartzekoa da Goirizelaiaren hitzen testuingurua ere: datorren urtean bukatuko da unibertsitate plana, eta hurrengoa negoziatzen hasteko garaia dute".
"Uste izatekoa da plan berriak ez duela izango aurrekoak adina diru", dio Goikoetxeak, "baina Goirizelaiak nabarmendu du EHUren egoera ez dela soilik Jaurlaritzaren ardura: 'Unibertsitatearen alde egiten dugu? Ez diezaiogun soilik gobernuari eskatu; egin dezagun geuk ere'. Hortik jo nahi du borondatezko ekarpenetara. 'Prestigioa duten unibertsitate batzuek badituzte'".