argia.eus
INPRIMATU
Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan zantzu susmagarriak aurkitu ditu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak
  • Euskadiko Sendagileen Sindikatuak jakinarazi duenez, Osakidetzako oposizioetako beste lau espezialitatetan filtrazio-zantzuak aurkitu ditu: Traumatologia, Kirurgia Orokorra, Kirurgia Torazikoa eta Neurokirurgiako azterketak dira susmo berriak eragin dituztenak.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 14a
Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburua (erdian) Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearekin (ezkerrean) eta IƱigo Urkullu lehendakariarekin (eskuinean). Argazkia: Araba Press.

Elur-bola geroz eta handiagoa da Osakidetzako oposizioetako iruzurraren auzian. Zenbait medikuri azterketak aurretik filtratu zizkietela salatu zuten sindikatuek ekainaren hasieran eta geroztik irregulartasunekin lotutako albisteak ugaritzen ari dira enplegu eskaintza publiko horren inguruan.

Azken berria Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eman du: beste sei espezialitatetako azterketak aztertu ostean, ondorioztatu du posibleki emaitzak filtratu direla lau espezialitate berritan.

Traumatologiako emaitzak aztertu ondoren, alor horretako bigarren azterketa seinalatu du sindikatuak; Kirurgia Orokorrekoan ere oposizioetara aurkeztu diren zenbait medikuri bigarren azterketa filtratu zietela uste du; Kirurgia Torazikoaren kasuan, 1 eta 2 azterketak daude susmopean; eta Neurokirurgiakoan lehenbizikoa.

Lau kasu berri hauek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren esku jarri ditu Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta esku hartzeko eskatu diote.

Nondik filtratu ziren azterketak?

Kasu bakoitzean azterketako edukia prestatzearen ardura norena izan den ere aditzera eman du sindikatuak: oposizioko tribunala bera hiru kasutan (Traumatologia, Kirurgia Orokorra eta Kirurgia Torazikoko bigarren proba) eta IVAP Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea beste bi kasutan (Neurokirurgia eta Kirurgia Torazikoko lehenbiziko azterketa).

Hain zuzen, azken egunetan oposizioetako tribunalen osaketa eztabaida-iturri izan da: iruzurra salatu ostean, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi zuen bere sailak ez daukala harreman zuzenik enplegu eskaintza publikoaren prozedurarekin. Oposizioetako tribunalen osaketa eta Osasun saileko goi kardugunen izenak gurutzatuta, ordea, harremana begi-bistakoa da: Osakidetzako 24 goi kargudun daude epaimahaietan.

IVAPen eta oposizioaren arteko harremanari dagokionez, erakunde hori izan zen oposizioetako lehenbiziko azterketa teorikoak egin zituena, baita bigarren azterketetako batzuk ere. Horretarako, Osakidetzako profesionalen laguntza izan zuen, zerbitzu eta sekzio buruena zehazki. Ezarritako prozedura bete izan balitz, IVAPek prestatutako azterketak ondo gordeta egon behar ziren probak hasi baino bi ordu lehenagora arte.

Sendagileen Sindikatuak jo-puntuan jarri dituen lau azterketa berriekin dagoeneko 16 dira Osakidetzako oposizioetan filtrazio posibleak jasan dituzten espezialitateak. Aurretik Anestesiologia eta Erreanimazioa; Angiologia eta Kirurgia Baskularra; Liseriketa Aparatua; Kardiologia; Kirurgia Kardiobaskularra; Aho- eta Aurpegi-masailetako Kirurgia; Medikuntza Intentsiboa; Neumologia; Onkologia Erradioterapikoa; Erradiodiagnostikoa; Erreumatologia eta Urologiako azterketetan agertu dira ezohiko puntuaketak, zeinak sindikatuen eta eragile politikoen susmoak piztu dituzten.

Horiei gehitu behar zaie Ospitale-Pediatriako azterketan jarri zen kasu bat bertan behera utzi dutela, aurretik medikuntza-kongresu batean esplikatu zenez zenbaitek ezagutzeko aukera zegoelako.