Associated Whistle-Blowing Press elkarteak dokumentuen filtraziorako atari berria sortu du, Fíltrala izenekoa. Wikileaks proiektuaren antzekoa izango da, Espainiako Estatuko informazioak jasoko dituena.
Talde sustatzailearen partaideetako batzuk Julian Assange Wikileaksen sortzailearekin batera lan egindakoak dira: hackerrak, kazetariak eta gizarte mugimenduetako partaideak.
“Espainian, ustelkeria sistematikoaren maila ikaragarria dagoen herrialdean” lan egin nahi dutela adierazi dute Assangerekin Islandian kolaboratu zuten kideek.
Sinplea eta segurua
Fíltralako kideen esanetan, sortu berri duten sistemak anonimatua bermatzen dio filtrazioa egingo duen herritar orori.
Informatikan aditua izan gabe ere erraz erabili ahalko da gunea eta “inolako kasutan” iturriari buruzko informazioa ez zaiola inori helaraziko adierazi dute sortzaileek: “Sistema segurua eta sinplea izateko pentsatua dago”, azaldu dute, La Marea hedabideak jasotako hitzetan.
Atarira iritsitako filtrazio eta denuntziak hiru hedabidek egiaztatuko dituzte: Diagonal, La Marea eta eldiario.es-ek.
Edozein herritarrek bidali dezake informazioa. Zentsuratutako materiala eta jatorri politiko, zientifiko, instituzional, ofizial, diplomatiko edo garrantzia historikodun informazio sekretua baino ez da onartuko.
Fíltrala atariaren helburua ez da “albiste sekretuak kaleratzea bakarrik”. Sortzaileen esanetan, “talde lanetik abiatuta legeetan aldaketak eragin” nahi dituzte.
Hori dela eta, informazioa plazaratu ostean abokatu eta erakunde zibilez osatutako taldeak balizko ekintza legalak ikertuko dituela adierazi dute atariaren sortzaileek.