argia.eus
INPRIMATU
Filosofia errealitatea interpretatzeko ezinbesteko ikasgaia dela aldarrikatu dute
  • Agora Filosofia Elkartearen eskutik, filosofiaren defentsan batu dira ostiralean zenbait filosofia irakasle eta hainbat arlotako eragileak Donostiako Filosofia, Antropologia eta Hezkuntza Fakultatean.
Axier Lopez @axierL 2021eko azaroaren 19a
Argazkia: Agora elkartea

Espainiako Gobernuaren azken lege aldaketatik (LOMLOE) eratorritako curriculumek filosofia ikasgaiari garrantzia kendu nahi diotela salatu dute Agora Filosofia Elkarteak, Bigarren Hezkuntzako filosofiako zenbait irakaslek eta zientziaren, kazetaritzaren, artearen eta beste diziplina batzuetako hainbat eragilek.

Balio Etikoak ikasgaia DBHko 3 mailetatik kendu, Batxilergoko Filosofia eta Filosofiaren Historia ikasgaiei orduak murriztu, DBH4ko Filosofia hautazkoa ezabatu eta Batxilergotik Psikologia hautazko ikasgaia kenduko du LOMLOEk. Hala, "hausnarketa kritikoaren garapena, eta, orokorrean, filosofiari lotutako balioak" kaltetuko dituztela azpimarratu dute Donostian ostiralean elkartu diren eragileek.

Lehen Hezkuntza osoan pentsamendu konplexua eta hausnarketa gaitasunak garatzera bideratutako curriculum-atala bermatzeko, edota, orain arte bezala, DBH 4. mailako Filosofia ikasgaia hautazkoen zerrendan mantentzeko eskatu dute. Inklusibitatea landuz, Ikasleak eta horien osasuna eta autonomia integrala erdian jartzea hobesten dute Agora elkarteko kideek.

Eskumen autonomikoak erabiltzeko deia

Murrizketei aurre egiteko, Agorak gogorarazi dio Eusko Jaurlaritzari, LOMLOE legearen araberako curriculumaren %50 proposatzea dagokiola. "Jaurlaritzak eskumena du Filosofia, Balio Etikoak eta Psikologia ikasgaiak duindu eta bere neurrira ekartzeko", adierazi dute. Eta bide horretan, elkarlanean aritzeko prestutasun osoa erakutsi dute.