argia.eus
INPRIMATU
Filomena, klima aldaketaren ondorio?
  • Hotz eta ekaitz boladaren etorrera klima-aldaketak eta berotze globalak garrantzia dutela azpimarratzen ari dira hainbat aditu. Hori dela eta, aurrerantzean izan ditzakegun aldaketara egokitzeko beharraz mintzo dira meteorologoak. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2021eko urtarrilaren 15
Filomena ekaitzak Penintsulan utzitako elurrezko estalkia erakusten duen urtarrilaren 11ko satelitezko irudia. Nasa Earth Observatory

Filomena ekaitzak Iberiar penintsularen zati handi bat astindu du, hotzez eta elurrez. Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoak, ekaitzak izan dituen ondorioak azaldu ditu. Salazarrek dio, jasaten ari garen hotz-bolada klima-aldaketaren eta berotze globalaren testuinguruan kokatu behar dugula. Azken sei urteak oso beroak izan dira munduan, eta 2020a, 2016arekin batera, urterik beroenak izan dira erregistroen arabera. 

Kontsumismoaren ondorioz eragindako hondakinak 

Javier Martin Geografia fisikoko katedratikoak  The Conversation hedabidean idatzi duen artikuluan kontsumismoaren eta gaur egun eskuartean ditugun baliabideekin sortzen dugun honakinen inguruan honela hitz egiten du: "7 500 milioi pertsona  gara munduan eta egunerokotasunean kontsumitzen dugun baliabide kopuru handia da, hondakin kopuru handia sortuz".

"Naturaren sisteman arrastoa uzten dugu eta horren ondorio, eskala global batean, igoera termikoa ere bada. Naturaren sistema, sistema klimatikoarekin bat datorrena, bost osagaiz osatuta dago: atmosfera, ozeanoa, azaleratzen ari den azalera, biosfera eta kriofoa. Esan daiteke seigarren osagai bat duela: sistema sozioekonomikoa, kontsumoa, baliabideen xahuketa eta hondakinen ekoizpena ezaugarri dituena". 

Martinen hitzetan, etorkizuneko klimak zerikusi handia izango du seigarren osagaiarekin, eta egungo sistema ekonomikoarekin. Eredu energetikoarekin eta berotegi-efektuko gasen isurketen bolumen nagusia erregai fosilen erabileratik datorrelako eman dio garrantzia Martinek (petrolioa, ikatza eta gas naturala). "Erregai fosilak behin betiko baztertuko dituen eredu baterako trantsizio energetikoa iristen ez bada edo atzeratzen jarraitzen bada, zenbait lurraldek tenperatura nola igotzen den ikusten jarraituko dute. Eta premiaz jardun arren, organismo eta erakundeek adierazitako larrialdi klimatikoaren egoerarekin bat etorriz, berotzea ziurtatuta dago hamarkada batzuetan, sistema klimatikoaren inertzia termikoaren ondorioz".

Filomena klima aldaketaren ondorio

Maria Jose Sanz Euskal Klima Aldaketaren zentroko zuzendariak El Español hedabideari eskainitako elkarrizketa batean, Filomena ekaitzaren inguruan hitz egiten du, penintsulan izan dituen eta klima aldaketak penintsulan izango duen eraginaz. "Udazken honetan ekaitz tropikal ugari izan dira Mediterraneo arroan, antizikloi eta depresio sistemaren aldaketa ere bai Atlantikoan. Itsas zirkulazioa aldatzen ari gara, eta, beraz, lurrazalaren eta itsasoaren energia atmosferarekin trukatzen ari gara. Leku eta aldi jakin batzuetan ainguratuta egon ohi diren formazio horiek aldatu egin daitezke" 

Klima aldaketaren albo kalbe gehiago ez sufritzeko aurrez prestatuta egon behar dugula dio Sanzek: "Aldez aurretik prestatu behar da, ez gaitzala harritu. Azpiegiturak eta babes zibileko bitartekoak egoera berri horretara egokitu beharko ditugu. Ohikoenak diren lekuetatik ikasi beharko dugu".