argia.eus
INPRIMATU
Filma egingo dute Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiari buruz eta aktore bila ari dira
  • Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak hildako langileei buruzko filma errodatuko dute Victor Cabacoren zuzendaritzapean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko uztailaren 06a
1976ko martxoaren 3ko irudi bat: poliziak negarra eragiteko gasa erabili zuen langileak elizatik atera eta tirokatzeko (argazkia: martxoak3.org).

Euskal Herrian 1970eko hamarkadan Espainiako Poliziak egindako sarraski gogoratuenetako bat da. Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizaren barruan bilduta zeuden milaka langileren kontra eraso egin zuten indar armatuek negarra eragiteko gasak erabiliz, batzartutako pertsonak eraikinetik kanpora atera zitezen.

Elizatik ateratzen ari zirela poliziak tirokatu egin zituen langileak. Gerora jakin zenez, 2.000 tiro baino gehiago disparatu zituzten eta bost lagun hil: Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea; Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okindegi-langilea eta ikaslea; Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea; Jose Castillo, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko enpresa bateko langilea; eta Bienvenido Pereda, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea. Beste 150 pertsona ere zauritu zituen poliziak egun hartan.

Maiz ekarri dira gogora gertakari haiek erreportaje, liburu eta dokumentaletan. Orain berriz, film luzea egiteko asmoaren berri dagoela informatu du Hala Bedi irratiak. Sonora Estudios ekoiztetxearen proiektua da eta, Hala Bedik jakin duenez, “datozen egunetan” casting bat egingo dute, filmeko protagonista izateko gazteak aukeratzeko. 18 eta 22 urte arteko mutil eta neska banaren bila ari dira proiektuaren arduradunak, filmeko protagonistak izateko –aktore profesionalak izan daitezela eskatzen dute–.

Interesatuentzat, e-posta helbide bat publiko egin dute, hautagai izan nahi duenak bere ezaugarrien berri eman dezan: txabe.atxa@gmail.com da helbidea.

Aktoreak aukeratzeko saioak datozen asteetan egingo dira Gasteizko Arte Eszenikoen Tailerrean (Errege-erregina Katolikoen kalea 4). Castingaren zuzendaria Txabe Atxa izango da, zeinak Errementari filmean ere lan bera egin duen.