Argo filmak irabazi du pelikularik onenaren saria Aurtengo Oscarretan. Cinemania.es web-atarian, aldiz, ikuspegi kritikoago batetik heldu diote pelikularik onenerako izendatuak izan diren 9 filmak analizatzeari. Emakumeen presentzia eta haien funtzioa neurtzen dituen Bechdel testa pasa diete pelikula hauei, eta oso gutxik atera dute nota ona.
Alison Bechdel ekintzaile feministaren izenetik dator Bechdel testarena. Bere kide Liz Wallace idazlearekin batera sortutako Dykes to watch out for (Kontuz hartzeko lesbianak) deituriko komikirako asmatu zuten arau hau. Filmetan emakumeak nola aurkezten diren neurtzeko balio du, eta hiru galderatan laburbildu daiteke: Izen propioa duten bi emakume gutxienez ateratzen al dira filmean? Elkarrekin hitz egiten al dute, 60 segundoz gutxienez, bi pertsonaia horiek? Gizon bati buruz ez bada beste zerbaiti buruz hitz egiten al dute?
Galderek oso sinpleak diruditen arren, harrigarria da ikustea zenbat pelikulek ez duten test hau gainditzen. Eta aurtengo izendapenekin ere berdina gertatu da. Notarik txarrena jaso dutenen artean, irabazle atera den Argo ez ezik, Life of Pi, Silver linings playbook eta Django unchained ageri dira, denek hiru galderetatik lehena bakarrik betez. Hirutik hirua jaso duen film bakarra ageri da analisian: Michael Hanekeren Amour.