argia.eus
INPRIMATU
Film dirudun eta ederren erakusleihotik haratago
  • Zinemaldia igarota izaten da lehiatutako filmen sari-banaketa ekitaldia. Bertan, sail bakoitzari dagokion sariduna aukeratzeaz gain, Sail Ofizialari dagokion palmaresa ere osatzen da: aktorerik onena, gidoirik onena, filmik onena... Batzuetan zalantza sartzen zait ez ote dituzten sariek egiten filmak; hau da, sariak lortzeko film hutsak ez al diren izaten. Jar dezagun aktore hori filmak ikusgarritasuna har dezan, edo beste zuzendari hori zine jaialdi jakin batean sartu ahal izateko. Horren aurka, beste balore batzuk saritzen dituzten dominak proposatuko ditugu hemen: beste Zinemaldiaren beste sariak. Eta agian filmak horien bila hasiko dira gerora...

Ainhoa Gutiérrez del Pozo 2020ko irailaren 27a
'Visión nocturna' filmeko zuzendariak jasandako bortxaketaz dihardu pelikulan.

1) Dolua egiten laguntzeko filmak

Bertan jasoko ditugu zuzendariak bizitako gertakari bat gainditzera bidean egin diren filmak. Horien artean Carla Simón eta Dominga Sotomayorren Correspondencia, euren kezka pertsonalak handitasunarekin harremanean jartzeagatik; Camilo Restreporen Los conductos, zeinak aktore protagonistaren bizipen errealak kontatzen dituen; eta Carolina Moscosoren Visión nocturna, zuzendariak jasandako bortxaketa gainditzeko lana dena.

2) Zinema aretoa urrunera daramaten filmak

Ohiko ez ditugun munduetarako bidaiak. Honetarako aukeratuak Dong Singyiren Gē shēng yuán hé màn bàn pāi, kartzelako itzulera txinatar herrixka batean izan daitekeenaren leiho izateagatik; Otávio Almeidaren Los niños lobo, Angolako gerraren arrastoak kubatar haurrengan izan daitezkeenaren proposamena egiteagatik; eta Grigory Kolomytseven Chupacabra, errusiar haur baten barne munduan bidaiatzeagatik.

3) Iruditeriak zalantzan jartzeko saiakera-filmak

Ziurtasunak apurtzeko jaiotakoak dira Akio Fujimotoren Umibe no kanojotachi, migrazioak emakumeengan dituen berariazkotasunen erakusle; Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke gatazkaren inguruan pentsatzen jarraitzeko bidea zabaltzeagatik; eta Naïla Guigueten Dustin, hegemonikoa ez den gorputz baten bitartez bestelako kontakizunetara hurbiltzeagatik.

4) Gezurra eta egiaren arteko muga eraisten duten filmak

Fikzioaz eta errealitateaz ari dira Jaione Cambordaren Arima, zeinak herri baten biztanleen presentzia konplexutzen duen; Nuria Giménezen My Mexican Bretzel, artxibo baten mamuak eraikitzeagatik; eta Nicolás Peredaren Fauna, barne eta kanpoko munduen oreka zalantzan jartzeagatik.

Gertakari deserosoak filtro bidez ikusteko gailu hutsa izatetik at, eska diezaiogun zinemari gehiago. Behar dezagun ikuslea bere tokitik mugi dadin, babes-neurriak ken ditzan, interpelatua senti dadin; eta ea aretotik eztabaidarako gogoz ateratzea lortzen dugun.