argia.eus
INPRIMATU
Filloneriak
  • Fillonek Trump konplexu gabearen ildotik, Le Pen andereari botoak ebatsi asmoz eta berez muturreko katolikoa delako, Frantzia errotik erreformatzeko xedea du.

Itxaro Borda 2016ko azaroaren 29a

Astelehen goizean, irratian pozik zegoen Armendaritzeko auzapeza (enekin eskolan ibilia) François Fillonek airez aire eraman zituelako eskuineko primarioak. Euskal Herrian ere arrakasta ederra bildu zuen iragan igandean: zeren seinalea da garaipen hori?

Donald Trump konplexu gabearen ildotik, Le Pen andereari botoak ebatsi asmoz eta berez muturreko katolikoa delako, Frantzia errotik erreformatzeko xedea du: Simone Veilen 1974ko abortuaren legea, LGBTon ezkontza baimentzen duen 2013ko ChristianeTaubirarena eta bost ehun mila funtzionario lanpostu kenduko lituzke hasiera batean. Besteak beste.

Iparraldeko euskaldunok nahikoa neoliberalak gara historikoki etxeko jaunez, apezez, kupula buruez setiaturik. Fillonek partida dituen gauza berdinak ditugu gorroto: emazteak, homosexualak eta estatuaren langileak, estatua suntsitzeko zera den neurrian.

Batasun ederra.

Irudi guztien arabera prest gaude faxismo maskulinista eta kretinista horren aizolbean tapalakatzeko. Hastio dugun auzoa izan dadila kolpatua! Etorkizunaren beldur izuaren urmeletan itotzetik begira gaitzala filloneriak!