Mélenchon (Parti de gauche), Hamon (PS), Macron (Liberala), Fillon (LR) eta Le Pen (FN), Frantziako presidente gaiak dira ezkerretik eskuina. Inkesten arabera, berriz, lehen itzulian boz emaileek eskuina lehenesten dute: Le Penek bozen %25,5 erdietsiko luke. Macronek %22. Fillonek %17. Hamonek %15. Melenchonek %12. Fillon, ez da iragarri zen presidente berria izanen. Macron, berriz, ustekabean, izan liteke.
PSko primarioek Manuel Valls lehen ministro ohia presidentziarako lehiatik kanpo utzi zuten. Aldiz, hutsaren hurrengotzat jotzen zuten Hamonek, inork espero ez zuen gorakada egin du. Mélenchoni berriz, ezkerraren primarioak jokatu aitzin baino boz gutxiago ematen diote inkestek. Valls arerio izan balu, bestela litzateke, ziur. Borroka horretan, Macron jalgi da behin-behineko garaile, hala berean, “ezker” neolibelaristaren esparruan arrakala izugarria zabaldu du.
Fillon amildegian behera doa "Penelope" auzia publiko egin denetik: bost puntu galdu ditu inkestetan eta hautagai izateari uzteko zorian egon da
Ezkerraren esparruko hautagaiak ezagutu artean, Fillon zen presidente izateko hautagai nagusia. Inkestek Le Pen eta Fillonen arteko lehia iragarria zuten bigarren itzulirako. Fillonek baina, kolpe gaitza jaso du “Penelope afera” dela eta. Hautagaiaren Penelope emaztea ez ezik, bere semeak ere Fillon lehen ministro zen garaian haren enplegatuak izan ziren.
Le Canard Enchainé aldizkari satirikoak salatu du Fillonek senitartekoak lanpostu faltsuen bidez enplegatu izana, eta horrekin Estatuaren dirua oker erabili duela. Lanpostu horiek legearen markoan zeudela argudiatu du eskuineko hautagaiak, baina azken bi asteak hagitz larri pasatu ditu, soken kontra izan da, hautagaia izaten jarraitzea bera ere kolokan. Eta horren eragina nabari da iritzi publikoan: bost puntu galdu ditu inkestetan. Presio handia jaso du alderdian hautagaitza erretira dezan. Ez du horregatik amore eman.
Abokatu kabineta eta makinari guztiak martxan ditu Fillonek, kosta ahala kosta eusten dio. Abokatuen arabera, Fillonen aurkako konspirazioa begi-bistakoa da, Estatuko aparatua kontrolatzen dutenek (Eliseotik eta Matignonetik) Hollande presidenteak eta Bernard Cazeneuve lehen ministroak zuzendutako kanpaina izan da. Abokatuek diotenez, hedabideak orkestratu dituzte eta justizia Fillonen aurka ezarri.
Eskuinaren teoria: Macron da PSren aparatuaren hautagaia
Erran nahi baita, eskuinak dioenez, PSko goi-mailako instantzietatik (aparatutik) influentzia-trafikoa indarrean jarri dute. Izan ere, eskuinaren susmoen arabera betiere, Valls jokoz kanpo, Hamon ez da konfiantzako hautagaia PSrentzat, beraz, Macron nahiko lukete berriz ere Eliseoan eta Frantziako presidente. Eskuinak behin eta berriz dio Fillon auzitegietara bidean jartzeko maniobra sozialisten esku dagoela. Une honetan, bere abokatuek auzitegietan ez ezik, haren aldeko ahotsa zabaldu dute hedabideetan ere: “Fillonek legearen barnean jokatu du beti. Politikariak herritarrek hautatuak dira, epaileak ez”.
Marine Le Pen-ek nahiago zukeen Fillon bigarren itzulian, Macronen aurka buruz buru aritzea baino
Fillonek, haatik, iragan astelehenean barkamena eskatu zuen hedabideen aurrean: “Lege barnean aritu banaiz ere, nire lan egiteko prozedura zilegi izanik ere, beharbada, nire familiaren jarduera ez da egokiena izan”, aitortu zuen. Frantziarren konfiantza berreskuratzeko agerraldia izan zen inondik ere.
Marine Le Pen FR2 telebista katean aritu zen ostegunean. Bera da lehen itzulian faboritoa, ziur dago bigarrenean egoteaz. Alabaina, aukeran, besterik esan arren, Macronen kontrako buruz burukoa baino, nahiago zukeen Fillon bigarren itzulian izatea, Le Pen-en eskuin muturrak ezker aldeko boz gehiago jaso du historikoki, eskuin-eskuinak baino.
Marine Le Penek arerio latza izanen du Macronen politikari anbiguoaren aurkako lehian, bigarren honen programa politikoa oso lausoa baita, hautagai guztien artean lausoena.