1543an Felipe II.a Espainiako Enperadorearen omenez inposatu zioten Filipinak izena uhartediari. 1521ean Magallanes eta Juan Sebastian Elkanoren espedizio militarrak hasi eta Zumarragako Lopez de Legazpi konskistatzaileak burutu zuen Espainiako Inperioaren morrontza Filipinetan, ia lau mendez uhartedia kolonia izatera zigortu zuena. Rodrigo Duterte presidente ultraeskuindarrak "zantzu kolonial hori ezabatzeko", Maharlika izena proposatu du herrialdearentzat, espainiarren etorreraren aurretik erabilitako malaysierazko hitza.
Urte hauetan V. mendeurrena ospatzen ari da Fernando de Magallanesek abiatu eta Juan Sebastian Elkanok burutu zuen espedizio militarrak munduari bira eman izana. Espainiako Inperioak sustatu eta ordaindutako espedizio horrek helburu nagusi bat zuen: urrearen pareko balioa zuten espeziak zeuden lurraldeak Espainiako Inperioaren menpe jartzea.
Elkanoren espedizio horren geldialdi esanguratsu bat Cebu irlan izan zen 1521eko apirilean. Espainiarrak Filipinetara heldu ziren lehen aldia izan zen, eta ia lau mendez luzatu zen kolonialismoaren hasiera ere bai. Espainiako Koroaren menpeko irlak izendatu zituen Magallanesek, jatorrizko herritarrek bera hil aurretik. Horrek aurrerago aukera eman zion Elkano getariarrari espedizioko buru bilakatzeko.
1543an jarri zieten espainiarrek uharteei “Filipinak” izena. Elkanoren osteko hurrengo espedizioaren buru Ruy López de Villalobos konkistatzaileak, hain zuzen. Menperakuntza prozesua urte batzuk geroago amaitu zuten, Zumarragako konkistatzaile baten eskutik. 1571ean Filipinetako uharte gehienetara espainiarren kontrola ezartzea eta egungo hiriburu Manilaren sorrera Miguel López de Legazpik gidatu zuen eta.
Carlos Martinez Shaw historialari espainiarrak Elkanoren mundu biraren mendeurreneko kongresuan ondorengoa azpimarratu zuen: “Filipinetara espainiarrek eraman zuten lehen gauza 'Jesus haurtxoaren' irudi bat izan zen. Garai hartako gisa horretako espedizio guztien antzera, Elkanoren eta enparauen helburu nagusietako bat bidean topatutako herriak ebanjelizatzea zen eta”.
Orain bost mende gertatutakoaren ondorioak agerikoak dira gaur egun. Asian kristaua den herrialde bakarrenetakoa da Filipinak (herritarren %80 inguru). Ez dira alperrik pasa Espainiaren kolonia gisa emandako 333 urteak eta ondoren AEBen menpe izandako mende erdia.
Rodrigo Duterte presidenteak adierazi duenez, oinordetza espainiar eta kristauari lotutako izena da Filipinak, eta horregatik herrialdean bizi den komunitate musulmana baztertzen du. “Denbora luzea pasa da. Mindanao edo Luzonen ez dago Islamaren arrastorik. (Espainiarrek) Kristau izan nahi ez zuen oro bortizki hil zuten”, adierazi du Dutertek. Izena aldatzea proposatu duen lehen presidentea ez da bera izan, Ferdinand Marcos diktadoreak ere Maharlika izendatzea proposatu baitzuen 1970eko hamarkadan.
1987ko konstituzioak izen aldaketa ahalbidetzen du, Kongresuak hala adostu eta herritarrek ondoren erreferendum bidez berretsiz gero. Salvador Panel gobernuko eledunak izen aldaketak dituen zailtasunak azpimarratu ditu. Burutzen oso zaila den ideia dela esan du, “oso garestia da, dokumentu ofizial andana aldatu beharko litzatekeelako”.