argia.eus
INPRIMATU
Filipinek “gerra mehatxua” egin diote Kanadari, herrialdera esportatutako zaborragatik
  • Kanadatik Filipinetara 2013an bidalitako 50 hondakin kontainerrek itzali ez den sute diplomatikoa piztu dute bi herrialdeen artean. Rodrigo Duterte presidente filipinarrak Kanadari gerra deklaratzeko mehatxua egin du zabor-edukiontziak herrialdetik eramaten ez badituzte.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 24a
Zaborrez beteriko 50 kontainerrak duela sei urte iritsi ziren Filipinetara eta auziak hautsak harrotu ditu (argazkia: Ban Toxics).

“Gerra deklaratuko diet. Kontainerrak kargatuko ditugu barku batean eta Kanadari esango diot beren zaborra bidean dagoela, harrera handi bat presta dezaten edo zabor hori jan dezaten hala nahi badute”, adierazi du bere adierazpen eta neurri polemikoengatik ezaguna egin den Dutertek.

Zaborraren gatazka honek Filipinen protesta diplomatiko ugari eragin ditu, Kanadako gobernuak hasieran uko egin ziolako hondakin horien inguruan ezer egiteari, bidalketaren ardura eragile pribatuei egotziz.

Duterteren adierazpen gogorren ondoren, Kanadak Manilan duen enbaxadoreak esan du “talde tekniko” bat sortuko dutela, bi herrialdeetako ordezkariek osatua, hondakin horiek suntsitzeko.

Herrialde aberatsetatik pobreetara zaborrak “esportatzea” ez da ezohiko praktika eta horregatik erregulazio-neurriak hartzeko premia handitzen ari da. Kanadak, adibidez, 2016an moldatu zuen bere legedia, “hondakin arriskutsuen” bidalketak debekatzeko. Enbaxadak gogora ekarri duenez, ebazpen judizial bat dago, hondakinak inportatzen dituen enpresari agintzen diona zaborrak Kanadara bueltan bidaltzeko.

Duela sei urte konfiskatu zituzten Filipinetako aduanetako langileek ika-mika eragin duten 50 kontainerrak. Inork erreklamatu ez zituenez, portuetan usteltzen geratu ziren hasieran; gero berriz, Filipinen iparraldean dagoen Tarlac-eko zabortegira bidali zituzten, Kanadarekin auzia konpondu bitartean.