Jada hiriarekin sinbiosi bat gertatzeko bidea har zezakeenean amaituko da astebete luze iraun duen zinemaldia. Akaso suitzar aktore batek Bagerak banatutako kanpotarrentzako euskara hiztegian ikasitako hitzak buruz esateko gai izan da gaur, edo abortuaren aldeko argentinar feministek ezagutu egingo zituzten jada euskal emakume taldeak. Agian, guztiz kontrakoa, hondartza inguruetako komertzioetako langileak kokoteraino daude ingelesez eskatzen duten atzerritar handiusteez eta desiatzen ari dira kontua normalitatera itzul dadin. Izan batera edo bestera, ez dago erabakiak hartzeko aukerarik; bihar izango dugu sarien berri, eta etorri bezala desagertu egingo dira filmen kartel erraldoi eta alfonbra gorriak. Ageriko diren arrasto horiek, behintzat.
Kimuaken aurtengo aukeraketan egoteaz gain Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatzen den Leyenda dorada lanaren azken proiekzioa izan da gaur. Chema García Ibarra eta Ion de Sosaren 13 minutuko laburmetraiak Extremadurako herri batean du kokalekua. Bertan, uda da, eta igerileku batean bilduta dago herria. Hasieratik, hizketagai bereziak dituztela ohartzen da bat. Lanaren izenburuak ere pistak eman ditzake laburra begiratzeko moduari dagokionez, Erdi Aroan egindako erlijioarekin lotutako bilduma bati egiten baitio erreferentzia. Umore finez josten dituzte zuzendariek igerilekuan dagoen jendearen istorio txikiak. Azkenean, herri baten erretratua izatearen sentsazioa gelditzen zaigu, pertsonai bakoitzaren ekarpenekin osatua. Itotzen ari den norbait salbatu nahian igerilekura sartzen den pertsonaiak inflexio puntu bat sortzen du istorioan: uretan murgildu gabe, uraren gainetik oinez dabil. Ingurukoengan, ordea, ez du harridurarik sortzen aferak. Herrien eta sinesmenen inguruko hausnarketa izan daitekeen lanak hasieratik harrapatzen du ikuslegoa, eta giroaren parte sentiarazten du filma amaitu arte. Denbora laburrean gertatzen den istorioak, gainera, ondo funtzionatzen du ikus-entzunezkoan.
Almodovarren Dolor y gloria ere izan da aurtengo filmen artean. Zuzendari espainiarrak Salvador Mallo (Antonio Banderas) izeneko zine zuzendari baten erretiratze edo gainbehera erretratatzen du. Mallo, urte latz horietan, bere iraganera gerturatuko da inoiz baina gehiago. Autobiografia edo autofikzio artean koka daitekeen filma intimoa suertatzen da hartzen duen pisuagatik; hainbat elementuk lotzen dute Almodóvar bera filmako protagonistarekin. Pertsonaia honek drogekin, amarekin, herriarekin eta ikasketekin (izan) duen harremanak espazioa hartzen du gidoian. Abuztuaren amaieran Venezian Lucrecia Martelek zuzendariaren inguruan esandako hitzak ez dira kasualitatez, filmean argentinarraren La niña santa lanaren plano bati egiten baitzaio erreferentzia. Almodóvarren lanak zubiak eraikitzen ditu, beraz, beste batzuen lanen aipamen honekin. Finean, bera eta zinemaren arteko harremanaren inguruko filma dela esango nuke.
Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatu den zinemaldi honetako azken filmetakoa izan da Ana Sofie Hartmannen Giraffe filma. Danimarkako zonalde batetan tunel bat eraikitzen ari dira Alemaniarekin lotuko dituenak. Bertan, horrek inplikatzen duen prozesua dokumentatzen ari den emakumeak lotuko gaitu honen baitan mugitzen diren gai potoloekin. Gertakizun errealen gainean sortutako fikzio honek emigrazioa, progresoa, eta oharkabeko topaketen inguruan hausnartzen du, oso modu finean. Zuzendariak aktore profesional nahiz ez profesionalekin lan egiten du, filmetik kanpoan dagoenarekin oreka berezi bat mantenduz. Jirafa etxetik kanpo bizi den jendearen sinbolo gisa hartzen du Hartmannek, errodatzea gauzatutako lekuko bizilagun izateaz gain. Horrek ematen dio izenburu filmari, eta horren bidez azaltzen da duen tankerako desplazamenduen inguruko iritzia. Filmean sortzen diren harremanek orekatu egiten dute, justuki, bertako ez sentitzearen hori. Danimarkarrak sotiltasunez kontatzen du istorioa, horretarako duen gaitasuna erakutsiz.