argia.eus
INPRIMATU
FIFA21 e-kirol Euskal Liga aurkeztu dute Bilbon
  • Game Erauntsia euskal bideo-jokozaleen komunitateak, Gu ere Bai! euskal selekzioaren aldeko ekimenak eta Hamaika Telebistak FIFA 21 Euskal Liga aurkeztu dute Bilbon. PlayStation 4 plataformaz baliatuz, martxoaren 1ean hasiko da txapelketa, etxetik euskal kirolarien eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egiteko, azaldu dutenez "Euskal Herritik mundura".

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 19a

Hiru antolatzaileen ordezkariak Bilboko San Mames estadioan bildu dira txapelketaren nondik-norakoak azaltzeko. Gu ere Bai! ekimenaren ordezkaria, Patxi Gaztelumendik, bideo-jokoak ere gure selekzioek nazioartean parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko baliagarriak direla azpimarratu du. Game Erauntsiaren partetik, Garikoitz Larrañagak FIFA21 Euskal Liga euskara eta bideo-jokoak uztartzeko aukera bikaina dela adierazi du. Ainhoa Jauregi Hamaika Telebistako ordezkariak zehaztu du txapelketaren finala zuzenean jarraitzeko bide anitz eskainiko dituztela, LTD Lurreko Telebista Digitalaren bidez, Euskalteleko Telebista zerbitzuaren bidez eta webgunetik.

Horiekin batera, finala kontatuko duten Olatz Foruria eta Beñat Zarrabeitia kazetariak egon dira aurkezpenean. Izen-ematea otsailaren 25era arte dago irekita eta apirilaren 4an Aberri egunarekin bat eginez amaituko da txapelketa. Euskal Liga izanik, Alaves, Athletic Club, Eibar, Reala eta Osasunaren gizonezkoen taldeak erabiliko dira norgehiagoketan, izan ere, Electronic Arts-en bideo-jokoak ez ditu emakumezko taldeak, selekzioak salbuespen.

Txapelketa osoa euskara hutsez antolatu eta jokatuko da. Finala Hamaika Telebistaren Bilboko egoitzan izango da Aberri Egunarekin bat eginez apirilaren 4an; Hamaika Telebistan zabaltzeaz gain, Game Erauntsiaren Twitcheko kanalean ere jarraitu ahal izango da, mundu guztian ikusgai izateko. Irabazleak hainbat sari jasoko ditu.

Izen-ematea Game Erauntsiaren webgunearen bitartez gauzatu behar da, bertan jadanik araudi osoa eskuragarri dagoelarik. Izena emateko epea martxoaren 16tik 25era da. Parte-hartzeko PlayStation 4-ko FIFA21 jokoa eta Internet konexioa beharrezkoak dira.

Iaz ere Euskal Liga antolatu zuten eta 150 bat lagun aritu ziren jokoan. Guztira 100 norgehiagoka baino gehiago jokatu ziren eta 800 gol baino gehiago sartu. Hamaika Telebistak finala igorri zuen eta, antolatzaileen esanetan, "emanaldia gertaera gogoangarria izan zen, historian lehenengo aldiz telebista batek euskaraz eta zuzenean e-kirol txapelketa bat eman baitzuen".