argia.eus
INPRIMATU
FIFAk berriro atzeratu du Israel zigortzeko eskaerari buruzko erabakia
  • "Kanporatuko al du FIFAk Israel?", galdegin du hainbat mediok, futbol erakunde gorenak adierazi ostean Palestinako Federazioak egindako eskaera aztertuko duela. FIFAren izaera ezagututa, are gehiago eskaeraren bueltan zein epel jokatzen ari den, inplikatutako bi aldeak zeintzuk diren eta nazioarteko gobernu eta erakundeen jarrera –NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordearena tartean– zein den ikusita, Israel zigortzeak ezinezkoa dirudi. Baina, itxurak egiteko borondatea badu behintzat.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko irailaren 03a
FIFAk Israel kanporatu dezan eskatzeko elkarretaratzea / Reddit

Borondatea-edo, FIFAk gaiari helduko diola iragarri zuenetik pasa baitira hilabete batzuk. Egin dezagun denboran atzera:

Abuztuaren 30ean X sare sozialean jakinarazi duenez, urrira arte atzeratu du Israelek izan beharreko estatusari buruzko erabakia.

Aurrez, uztailaren 18an, FIFAk jakinarazi zuen abuztuaren 31 baino lehen helduko ziola gaiari, behin alde biek (Palestinak eta Israelek) haien argudioak borobilduta zituztenean.

Aurrez, maiatzaren 17an egindako batzarrean, FIFAk jakinarazi zuen uztailaren 20 baino lehen helduko ziola gaiari, behin ebaluazio juridikoaz arduratuko zen batzordea osatuta. Minutu batzuk lehenago, Palestinako Futbol Federazioko presidente Jibril Rajoub-ek eskatu zuen israeldar federazioa zigortu eta haren ordezkariak inhabilitatzeko, Gazaren aurkako erasoa dela-eta. Asiako Konfederazioak eskaera babestu zuen.

Aurrez, apirilaren 18an, Palestinako Federazioak iragarri zuen maiatzaren 17ko batzarrean Israelen kontrako neurriak proposatuko zituela, eta mozioa aurkeztu zuen FIFAn.

Gutxienez sei-zazpi hilabete pasako dira, beraz, FIFAk eskaeraren berri izan eta gaiaz erabaki aurretik, aintzat hartu gabe Palestinak lehenago ere eginak dituen beste eskaera batzuk, Zisjordania okupatuko futbol talde israeldarren auzian, esaterako.

Bai, egia da bere sorreraz geroztik hainbat herrialde zigortu dituela FIFAk, baina horretara bultzatzeko gatazka/gerrak –eta inplikatuak– ez dira berdinak.

FIFAko presidente Gianni Infantino eta Errusiako presidente Vladimir Putin, 2018an. "Errusiak lagun asko egin du Munduko Kopa dela-eta. Harreman horiek sekula ez dira hautsiko", adierazi zuen orduko hartan Infantinok / Kremlin.ru

2022ko otsailaren 24an hasi zuen Errusiak Ukrainaren inbasioa. Lau egun geroago, FIFAk eta UEFAk txapelketa guztietatik kanporatu zituzten errusiar taldeak, baita selekzioa ere, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordearen gomendioei men eginda. "Ez ditugu kirolariak zigortu nahi haien gobernuak hartutako erabakiengatik (...) baina Errusia eta Bielorrusiako kirolariek nazioartean lehiatzen jarraitzeko aukera izango luketen bitartean, ukrainarrek ezin dute horrelakorik egin, haien herriaren kontrako erasoagatik", adierazi zuen orduan NOBek.

1990eko hamarkadan, FIFAk eta UEFAk Jugoslavia zigortu zuten –NBEk hartutako neurriei jarraituta–, Balkanetako gerraren testuinguruan. Jugoslavia kanporatua izan zen 1992ko Eurokopatik. Haren lekuan Danimarka sartu zen... eta, harrigarria bada ere, selekzio hark irabazi zuen txapelketa.

1962an FIFAk Hegoafrika suspenditu zuen apartheid politika zela-eta. Urtebetera berriro onartu zuen, baina Hegoafrikak iragarri zuenean 1966ko Munduko Kopara soilik jokalari zuriz osatutako taldea eta 1970ekora beltzez osatutakoa aurkeztuko zituela, zigorra 1974 arte luzatu zitzaion. Bi urte geroago FIFAtik kanporatu zuten, Sowetoko sarraskiagatik.

Atzera berriz ere Palestina-Israel auziari helduta, ia ziurra da FIFAk ez duela Israel zigortuko, baina, gutxienez, Palestinako Federazioak egindako eskaerak eta bestelako ekimen batzuek balio dute hainbaten lotsak azalera ekartzeko.