argia.eus
INPRIMATU
Fidel Castroren errautsak Santa Ifigenian daude, azken agurra jasota
  • Igandetik Santa Ifigenia hilerria da Fidel Castroren errautsek deskantsu hartuko duten lekua. Habanatik Santiagorako bidea egin ondoren, Castroren errautsak hilerriko granitozko monolito batean hobiratu dituzte.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 05
Raul Castro Fidelen hilobiaren aurrean. (Arg.: Juvenal Balán)

Komandanteak 1959an iraultzaren garaipena aldarrikatu zuen hirian hilobiratu zuten senide eta gertukoen azken agurrarekin. “Fidel” dio errautsak kokatu diren lekuan dagoen plakak. Castroren errautsetatik gertu Kubaren independentziaren alde egiteagatik bizia galdutakoen gorpuak daude hilobiratuta, tartean Espainiaren aurkako Independentzia Gerran hildakoak. Hilobietan loreak jarri dituzte gonbidatuek, tartean José Martíren hilobian, Fidel Castroren ideien inspirazio izan zen Martí.

Ekitaldian, Raul Castrok jarri zituen anaiaren errautsak monolitoaren barruan, ondoren Kubako ereserkia entzun eta bertan zeudenek arrosa  zuriak utzi zituzten hilobiaren aurrean.

Raul Castrok hartu zuen hitza azken agurra emateko eta Kubako Iraultzak lorturiko aurrerapenak izan zituen hizpide. Fidelek, sozialismoa oinarri hartuta, aurrera egitea posible dela erakutsi izana gogoratu zuen.

Estatuburuak ez ezik, beste hainbat mugimendu eta federazioetako kideek ere hartu zuten hitza. Kubako Emakumeen Federazioko kideak iraultzak “emakumeak duindu” dituela azaldu zuen, eta nekazarien ordezkariak lurrak itzuli eta hezkuntza eta osasun zerbitzuak guztienagana iritsaraztea eskertu.

Gonbidatuen artean Boliviako Evo Morales eta Venezuelako Nicolas Maduro presidenteak eta Lula Da Silva eta Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohiak egon ziren.

Granmak argazkien bidez eman du ekitaldiaren berri:

(Arg.: Juvenal Balán, Estudios Revolución eta Eduardo Palomares)