argia.eus
INPRIMATU
Abortuaren erreforma “leunduko” du Espainiako Gobernuak, fetuaren malformazioa arrazoi gisa onartuz
  • Espainiako Justizia Ministerioak abortu legearen proiektua aldatuko duela adierazi du. Uztailean onartuko den aurreproiektu berriko aldaketa garrantzitsuena: fetuaren malformazioa onartuko dela abortatzeko arrazoi gisa, emakume haurdunak “kalte fisiko edo psikologikoa” frogatu behar izan gabe, aurreko lege proiektuak ezartzen zuen bezala.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 23a
Abortu legearen erreformak protesta asko eragin ditu (argazkia: Luis Ángel Gómez)

Abenduan onartu zen aurreproiektuan, emakumeak “kalte fisiko edo psikologikoa” frogatzen bazuen bakarrik onartzen zitzaion abortatzeko eskubidea. Eta hori frogatzeko, bi psikiatren berrespena behar zuen.

Protesta ugariren ondoren Espainiako Gobernuak proposatu duen moldaketa berriarekin, emakumeak ez du kalte hori frogatu behar izango, aurresuposatu egingo delako. Fetuak malformazioa duela argudiatuz, legearen barruan abortatu ahal izango du.

Fetuaren anomalia guztiak onartuko dira abortatzeko, ez bakarrik bizitzarekin bateraezinak direnak. Epeak mantenduko diren ala ez jakitea falta da: 22 asteko muga ezartzen du aurreproiektuak, baina epea handitu daiteke, haurdunaldiaren 22. astea eta gero antzematen diren anomaliak ere sartzeko.

Hala ere, eskubide murrizketa

Nahiz eta legea leundu, 1985 eta 2010 urteen artean indarrean zegoena baino murriztaileagoa izaten jarraitzen du abortuaren erreforma honek. Gobernuak uztailerako onartzea aurreikusten du, udazkenean Espainiako Parlamentuan tramitatzeko eta urte bukaeran indarrean jartzeko.

Informazio gehiago:

Abortatzeko eskubideari buruzko albiste, erreportaje eta bideo ugari aurkituko dituzu ARGIAk gaiari eskaini dion kanalean.