Duela zenbait urte, lan kontu batzuk tarteko, Txilen izan nintzen. Gogoratzen naiz supermerkatuetan lan txiki ugaritan jarduten zuten langileak aritzen zirela. Barazkiak eta fruituak pisatzeko, beti izaten zen baten bat; gero, ordainketa kutxara iristean, han izango zen kutxazainaz gain, beste gizon edo emakume bat zuri erosketak poltsetan jartzen laguntzeko. Autobusetan ere bi lagun: bat gidari, beste bat dirua kobratuz. Etxetik atera baino lehen, oso garrantzitsua zen txanpon batzuk eskura edukitzea, jende guzti horri zerbait eman ahal izateko. Izan ere, jende saiatu pila bat zegoen Txilen, diru oso gutxi zegoelako, besteak beste.
Nire lagun nigerriarak bere anaia Gasteizen zegoela esan zidan. Antza, Bartzelonan bizi zen, baina berak Gasteizera etortzea proposatu dio. Nomadak bezala bizi dira migratzaile batzuk. Lagunak esan dit anaiak oraindik ezin duela kontratu bat izan, paperak falta dituelako. Bi urte igaro behar omen dira horretarako. Bitartean, supermerkatuko ate batean ematen du eguna, diru eske. Ez du lan hori bakarrik egiten, ahizpak dioenez, bezeroei erosketak eramaten laguntzen omen die, edo besteren txakurrak zaintzen omen ditu erostetak egiten dituzten bitartean.
Gaur egun, Gasteizen supermerkatuko ate askotan afrikatik etorritako mutil asko daude. Nahiko fenomeno berria dela uste dut. Gure auzoko supermerkatuan ere bai. Supermerkatu kate batetako denda da, baina han dauden langileak finkoak direnez, auzokideak ezagutzen dituzte eta giro atsegina dago, nire ustez. Dirua hartzeaz ahaztuta joan bazara, beste une batean ere itzul zaitezke, zure alabez galdetzen dute, konfiantza keinuak egiten dituzte.
Bat-batean, han egon zen mutilak izen bat izan zuen, eta etorkizun baterako oinarritxoa
Duela gutxi arte, afrikatik etorritako mutil gazte bat egon da han ere. Gure atari aurretik pasatzen zenez, alabekin eskolarako bidea egitean egunero gurutzatzen ginen. Mutil dotore bat, beti ondo jantzia, bere motxilatxo estanpaduna sorbaldan. Supermerkatuaren ate ondoan jartzen zen, kutxatxo txiki bat lurrean, dirua jarri ahal izateko. Jende guztia agurtzen zuen. Batzuetan, txakur bat edo bestea zaintzen zituen. Nire lagunarekin hitz egin eta gero, pentsatzen dut agian beste lan batzuk ere egingo zituela, adineko jendeari erosketen poltsak etxera eramaten lagundu, agian, eta horrelakoak.
Badira egun batzuk jada mutila ikusten ez dudala. Denboratxo bat eman du supermerkatuko ateak inor gabe. Txakurrak zainduko dituen inor gabe geratzen dira atean, harik eta, joan den egunean, beste mutil bat jarri den arte. Han beste aurpegi bat ikustea arraro egin zitzaidan. Agian beste mutilaren falta sumatzen ari naiz? Ez naiz bakarra izan, antza.
Kutxako ilaran nengoela, gurpil-aulkian dabilen adineko gizon batek kutxazainari esan zion: "Beltxa aldatu al dugu?". Hasiera batean, asaldatu egin ninduen esaldiak, “beltxa”-gatik; baina, egia esan, hitzak hitz, ateko mutilarengan interes puntu bat antzeman iruditu zitzaidan. Adierazten jakin ez arren, gizonak mutilaren falta sumatzen zuela iruditu zitzaidan. Kutxan zegoen neskak ez zuen erantzun, baina handik pasa zen beste langileak bai. Neska gazte lirain eta mazal horrek esan zuen: "Festus lanean hasi da hotel batean".
Nahikoa izan ziren zortzi hitz haiek mutilari duintasuna itzultzeko. Bat-batean, han egon zen mutilak izen bat izan zuen, eta etorkizun baterako oinarritxoa. Orduan, supermerkatuko neska honekin lehenengo aldiz hizketan irudikatu nuen Festus, supermerkatuko lanegun arrunten batean. Egun hori, egun bat baino gehiago bihurtuko zen. Intimitate bat sortu ote zuten? Beharbada zigarroaren bat partekatu zuten, supermerkatuko atean. Eta, orduan, litekeena da pensatzea Festusek neskari kontatuko ziola zenbat denbora zeraman Gasteizen, nondik etorritakoa zen, zein zen bere bizi-proiektua... Eta, orduan, egun batean, azken egunean, supermerkatura joango zen, baina ez hango atean geratzeko, ez. Bakarrik neskari esatera, azkenean, lortu egin zuela.
- Kontratu bat daukat, hotel batean.
- Asko pozten naiz, Festus.