argia.eus
INPRIMATU
EHZ festibala badator, aurten ere balore eraldatzaileak praktikan jarriz
  • Aurten ere EHZa Lekorneko gazteluaren bueltan izango da. Azken urteetako norabideari jarraituz berritasunekin dator, eta “jendarte idealaren” eraikuntzan sakontzeko urrats berriak eman dituztela azaldu digu Pauline Guelle bozeramileak. Aurrez sarrerak erosteko epea asteartean amaitu zen arren, bertan izango da aukera.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 21
Aurtengo EHZko egitarauaren kartela

Festibaleko bozeramaile Pauline Guellek “biziki kontent” daudela esan digu, aurten bereziki gaueko eskaintza oparoa eta eguneko ikuskizun eta gune alternatiboen oreka lortu dutelako (egitarau osoa hemen). “Ikusgarrien helburua ez da jendea erakartzea, gure izpirituarekin bat egiten duen egitaraua osatzea baizik; ez dugu jende pasiboa nahi festibalean eta publiko aktiboa lortzen ahalegintzen gara egunean zeharreko egitarauarekin”. Ikusgarrien egitarau zabalaz gain, haurren txoko eta gune feminista izango dira.

Talde engaiatuak, parekideak eta ez komertzialez osatutako afixa lortzeko urte osoan gogor aritu dira, eta ez alferrik: Akua Naru, Oum, Nova Twins, Las Taradas… bezalako taldeak ez baitira Euskal Herriko jaialdietan ikusi ohi. Hainbat eragileak oholtza gainean parekidetasuna bermatzea “zaila” dela dioten arren, EHZ festibal osoan gutxiengoak dira emakumerik ez duten taldeak.

Duela bi urte Lekornen egindako hitzaldietan, emakumeen ikusgarritasuna landu zuten: “Ez soilik oholtza gainean zenbat diren, adibidez zein rol duten ere hausnartu genuen. Antolaketan aldaketak egin ditugu eta garrantzia ematen diogunez, aurten inoiz baino emazte musikari gehiago izango dira festibalean,” azaldu digu Guellek.

Ez da ordea festibalaren momenturik hoberena, izan ere, 2014.urtean izandako enbatak eragindako zulo ekonomikoa ezin altxa dabiltza festibaleko kideak. Crowdfunding kanpainan 28.000 euro lortu zituzten arren, ez da nahikoa izan eta eredua bera “eztabaidagai dago”. “Festibalen baloreei lotuta, eredu kapitalistez harago joan beharra dugu. Bestelako laguntza eta ereduen bitartez egin behar dugu bideragarria den eredu bat”.

Zentzu horretan, hornitzaileen garrantzia azpimarratu du Guellek. “Gure laguntzailerik hoberenak gure hornitzaileak dira, eta beraiekin batera antolatu behar dugu festibala eta honen gaineko erabakiak”. Hori bai, festibala aldatu arren EHZren espiritua mantendu egingo da urtero, “Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri osoan betetzen duen rola ezinbestekoa delako”.