argia.eus
INPRIMATU
Festetan dirua lurrera botatzen al duzu?
  • Edo galdera beste modu batera eginda, dirua balio duen zaborra botatzen al duzu lurrera? Egunerokoan eta bereziki festetan kaleetan pilatzen den zaborra ikustarazteko ekintza egin zuten Eguzkik eta Azkoitiko parrokiako taldeak abenduaren 1ean, herri hartako San Andres jaiak zirela probestuz. Bideoa osatu dute egindako lanarekin.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 10
Hainbat boluntario kaleko zaborra biltzen Azkoitian (arg: Eguzki / Azkoitiko parrokia taldea)

Azkoitiko San Andres jaien biharamunean bildu ziren talde ekologistako eta parrokiako boluntarioak bide bazterretan edo espaloi eta parkeetan aurreko gauetik barreitatutako zaborra biltzeko. Minutu gutxiren buruan plastiko, beira eta lataz osatutako mendixka handi bat egitea lortu zuten.

Ekintza horrekin salatu nahi izan dute plastiko pilaketak "gaina hartu duela" eta "azken muga" jadanik gainditzen ari garela: "Ahaztu egiten dugu zabor honek oraindik egin behar duen bidea luzea dela", diote. Zentzu horretan, nabarmendu dute hondakinak bota eta biltzera bideratzen den "dirutza" eta hondakinak lurrera botatzea "dirua lurrera botatzea" bezala dela, "gure arduragabekeriak alferrik galdutako dirua".

Arazoari irtenbidea emateko eskatu dute Eguzkik eta Azkoitiako parrokiako taldeak, eta horretarako ezinbestekotzat dute udalaren, tabernarien, elkarteen eta herritarren arteko elkarlana, "helburu zehatzak eta epeak finkatuz, etorkizunarekin arduratsuak diren herritar gisa jardun ahal dezagun".