argia.eus
INPRIMATU
“Festak ospatu animaliak askatu” lemapean ekimenak iragarri ditu Askekintzak udarako
  • Animalien askapena aldarrikatzeko kanpainari ekingo dio Askekintzak herriko festak hasiak diren honetan. Hernanin eta Errenteria-Oreretan egin asmo dituzten ekintzen berri eman dute.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 22a
Askekintzak 2016.urteko udan egin zuen protesta bateko irudia (argazkia: irutxuloko hitza).

Jai Batzordearekin eta hainbat eragilerekin urtean zehar bi herrietan gaia landu dutela adierazi dute, eta “borroka antiespezista” herrian txertatzen jarraitzeko asmoa dute.

Protesta deialdia Hernanin

Hedabideei zabaldutako oharrean azpimarratu dute Hernanin lortu dela orain arte hiru egunez egin den sokamuturra bi egunetan egitea, baina segi nahi dute “sokamuturraren bidegabekeria salatzen”, eta horretarako protesta deialdia luzatu dute ekainaren 25ean goizeko 07:00etan herriko plazan egingo den sokamuturrean.

“Inor esplotatzen ez duen” aulki-jokoa eta bola erraldoiaren entzierroa antolatu dituzte, gainera, ekainaren 26 goizerako.

Errenteria-Oreretan, berriz, txosna beganoa antolatu zuten iragan urtean, eta izandako “arrakasta” ikusita, aurten ere “%100 begetal, etiko, bertako eta ekologikoak diren janari eta edariak” jarriko dituzte. Bola erraldoiaren entzierroa ere izango dela adierazi dute.

Askekintzak dio Hernanikoa ez dela udako protesta bakarra izango, eta “esplotazio ororekin bukatzeko” ekintza gehiago egiteko asmoa duela azaldu du.