argia.eus
INPRIMATU
Festak: biolentzia gune horiek

Leire Artola Arin 2022ko uztailaren 11
Argazkia: Ekinklik.

Azken urteetako gertakariek berriro agerian utzi dute gizakiok egoera berrietara ohitzeko eta egokitzeko dugun gaitasuna; onerako zein txarrerako, egoera guztiak normalizatzeko joera dugu. Bada, itzuli dira udako jaiak eta horretara ere ohitu gara, azken bi urteetan festan jarraitu izan bagenu bezala. Laura Mintegik pasa den asteko aldizkarian gogoetatu zuen festen berezitasunaz: “Transgresioarekin eta askatasunarekin identifikatzeak egiten ditu berezi norberaren herriko jaiak. (...) Gauza gutxi dira erakargarriagoak transgresioa eta askatasuna baino, zazpi egunez bada ere”. Sanferminak bizipoza, magia, kaosa, eta baikortasunarekin lotutako zenbait sentipenekin definitu zituen, eta irakurle asko identifikatuta sentitu ziren ziurrenik. Aldiz, beste batzuek “transgresioa eta askatasuna” hitzen atzeko tranpari erreparatuko zioten. Zeren, askatasunaren izenean, alkohola eta beste drogen izenean, normaltzat jotzen baititugu festa giroan soilik onartuko genituzkeen jarrerak.

Normalizatu dugu astero astero komunikabideetan ikustea festen testuinguruan gizonek egiten dituzten sexu erasoen albisteak. Ohitu gara festen ondoren erasoak gaitzesteko manifestazioak egitera. Izan ere, ez da esajerazioa esatea jai guztietan egon dela erasoren bat, larriagoa edo ez, baina emakumeen eta gutxiengoen kolektiboen askatasunaren aurkako erasoa, finean. Mugimendu feministak ere barneratuta dauka erasoak egon, egongo direla, eta, horregatik, sanferminen atarian Iruñeko kaleak hartu zituzten beltzez jantzitako emakume andanak, autodefentsa feminista aldarrikatzeko. “Beldurrak gurekin jai!” izan zuten lema; baina hurrengo egunetan gorputz askotan beldurra jaia egitera atera da, halabeharrez. Gorputz horiek badakitelako gizonek inpunitate osoa dutela, eta badakitelako instituzioen protokoloak eta neurriak tiritak besterik ez direla, zauria saihesteko balio ez dutenak. Eta halaxe izan da Iruñeko jaietan ere: zauriak egunero. Zezenek korrikalariei (gehienak gizonezkoak) egiten dizkietenak baino sakonagoak eta sendatzen zailagoak.

Festak biolentziaz beteta daude, jendarte biolento batean bizi garenez gero. Baina desberdintasuna da festetako biolentzia normalizatuta daukala baita indarkeria gehien gaitzesten duen pertsonak ere. Festetan indarkeriari kolpeka erantzutea ohikoa da, normala. Lapurtu egin dizute? Emakume bati eraso egin dio gizonen batek? Jazartzen ari zaio babosoren bat? Lasai, alboko gizonak emango dizkio ukabilkada batzuk eta “lezioa ikasita”. Horra hor jaietan ikusten den beste jarrera normalizatu bat; emakumeen defentsaren izenean, emakumeak zapaltzeko beste modu bortitz bat. Batzuentzat zaila da jaiak askatasunez ospatzea, inongo ondoriorik gabe. Beste batzuk, ordea, transgresiotik urrun egiten dute parranda; izan ere, transgresioa da lege edo ohiturak ez betetzea, eta jendarte honen legea da oraindik ere indarkeria matxista.