Hori da igande honetan El Confidencial hedabideak zabaldu duena eta apurka han-hemenka hedatzen ari dena, besteak beste Cadena Ser-ek ere zabaldu du eta. Maria Chivite, PSNko lehendakari gaia asteazkenetik aurrera bilduko da Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrarekin.
Chiviteren asmoa Nafarroako Gobernuko lehendakari izatea da, horretarako gobernu akordioa lortuz Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrearekin. Lauren artean foru legebiltzarreko 23 eserleku batzen dituzte. Helburua erdiesteko, baina, hori ez da nahikoa, inbestidurako hirugarren saioan gutxienez EH Bilduren botoen abstentzioa beharko luke. EH Bilduk ezezkoa bozkatuko balu, bere zazpi parlamentariek eta Navarra Sumaren 20 aurkakoek atzera botako lukete Chviteren hautagaitza.
Edozein kasutan, eta argitaratzen ari diren albiste hauen arabera, Pedro Sanchezek eta Ferrazek ez dute ongi ikusten Chiviteren operazioa, besteak beste, haien ustez Chivite lehendakari ateratzeko nahikoa izan daitekeelako hori, baina gobernu horrek legealdian zehar EH Bildurekiko dependentzia handia lukeelako, bereziki gehiengo osoa behar diren gaietan, esaterako aurrekontuetan.
Ferrazen jarrera irmoa balitz, beraz, berriz gertatuko litzateke 2007ko abuztukada, non PSOEk debekatu zion PSNko Fernando Purasi gobernu akordioa sinatzea Nafarroa Bairekin. PSN-n zalaparta handia sortu zen eta Purasek dimititutu egin zuen.