argia.eus
INPRIMATU
Ferrandi eta Alessandri presoak Korsikara hurbilduko dituzte
  • Matignonek asteartean jakinarazi zuenez, Alain Ferrandi eta Pierre Alessandriren hurbilketa apirilaren erdira arteko epean egingo da, eta presoak Borgo espetxera eramango dituzte. Ivan Colonna presoaren heriotzaren ondoren Korsikan sortutako istilu handien ondoren hartu du erabakia Frantziako Gobernuak.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 23a
HIru presoen askatasuna eskatzen duen pintaketa. (Arg.: PaASCAL POCHARD-CASABIANCA / AFP)

Beste preso batek emandako jipoiaren ondorioz hiru astez egon da hil zorian Yvan Colonna preso korsikarra, iragan 21ean hil zen arte. Denbora horretan guztian istilu gogorrak izan dira Korsikan, eta horien ondorioz Gérald Darmanin ministroa uhartean izan zen joan den astean egoera baretu nahian. Itxuraz, han ikusi eta entzundakoei erantzuten dio orain Ferrandi eta Alessandri presoen hurbilketak.

Korsikako mugimendu abertzaleak, presoen senitartekoek eta bertako erakundeetako hautetsi ugarik aspalditik zuten egina hiruen hurbilketa eskaera, baina Frantziako Gobernuak etengabe egin dio muzin eskaerari, hiru presoek DPS estatus berezia zutela argudiatuz , hau da, Frantziako espetxe sistemak bereziki zaintzen dituen presoei jartzen dien etiketa.

Behin estatus hori altxatuta, presoek eskatu ahal dute lekualdatzea, eta bi presoek hala egin dute orain. Hil zorian zela, halaber, Frantziako Estatuak libre utzi zuen Colonna bera, osasun arrazoiak argudiatuta. Hiru presoek bizitza osorako zigorra jaso zuten Claude Erignac prefetaren hilketagatik kondenatuta.