argia.eus
INPRIMATU
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak
  • Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.

Aiaraldea @aiaraldea 2025eko martxoaren 07a
Larunbat goizean Laudion egon ziren alegazioak biltzen. Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak alegazioak prestatu ditu Ferosca I zentral eolikoaren kontra. Taldeak kopiak utzi ditu Antojo tabernan Arespalditzan, Zuhaitza eta Master Copy dendetan Laudion eta Okondoko Udaletxean. Herritarrek Aiaran eta Okondon laga dituzten dokumentuak sinatzen badituzte, kolektiboak berak aurkeztuko dizkio Eusko Jaurlaritzari. Laudion, ordea, udaletxean kudeatu beharko dituzte sinatzaileek.

Halaber, hirugarren aukera bat eskaini dute: hemen deskargartzea eta norberak pertsonalizatzea. Martxoaren 14a izango da aurkezteko azken eguna.

Kalteak eta hutsuneak

Aiaraldeko Mendiak Bizirikek adierazi du 200 metroko sei aerosorgailuren eraikuntza ekarriko duela zentral eolikoak eta horrek eragin larriak izango dituela mendietan, inguruko etxebizitzetan eta faunan.

Horrez gain, plataformak erantsi du ingurumen-inpaktuaren azterketak hutsune handiak dituela: zarataren analisia, inguruan bizi diren herritarren osasunean egongo den eragina, kalte ekonomikoak edota hirigintza eta ingurumen araudien urraketak.

Bide batez, taldeak gogoratu du proiektu beraren aurkako alegazioak (ia 1.500) aurkeztu zituztela iaz eta ez dutela erantzunik jaso, nahiz eta derrigorrezkoa izan.

Martxoaren 22an manifestazioa

Tokiko plataformak azpimarratu du Aiaraldean gertatzen ari den egoera (energia ekoizpenari lotutako proiektuen gorakada) Euskal Herri osoan jazotzen ari dela eta, horregatik, martxoaren 22an Gasteizen egingo den manifestaziora batuko direla. Konpromiso bera hartzeko eskatu diete herritarrei.