argia.eus
INPRIMATU
Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da
  • 78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile handi bat eduki du aspalditik eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran ere parte hartu zuen. 

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2023ko urriaren 06a
Fernando Unsain -ezkerretik lehena- joan den uztailean Baigorrin egindako aurkezpenean, Et Incarnatus orkestrak eta Donostiako Orfeoiak Eltzegorren "Sasitik Sasira" kantatari egindako bertsioa iragartzen.

Beasainen langile familia batean jaioa, ofizioz mekaniko lanean hasi zen eta aldi berean musikaren bidetik oso gaztetatik abiatu. Goierriko Bostak taldean ageri da 1965ean, eta ondoko urtean Donostiako Gran festival de artistas noveles lehiaketa irabazi zuen. Bakarkako bideari ekinda, 1973an Ostenden (Flandria) irabazi zuen Nazioarteko Saria, euskarazko errepertorioa abestuz.

"Bostak" talearekin 1966an. Fernando Unsain, eskuinetik bigarrena.

Jada 1970eko hamarkada hasieretan ahots ezaguna zen Madrilgo eta Espainiako protestako kantari eta kantautoreen artean eta orduko “festival” haietan taularatzen zen. Adibide bat aipatzearren, 1976an, Franco hil eta bost hilabetera, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan antolatutako Recital de los Pueblos Ibéricos jaialdi erraldoira bildutako milaka gazteen aurrean ageri da bere Fernando Unsainen izena Pi de la Serra, La Bullonera, Luis Pastor, La Fanega, Julia León, Elisa Serna, Adolfo Celdrán, José Antonio Labordeta, Pablo Guerrero, Mikel Laboa, Víctor Manuel eta Raimonekin batera. Nagusiki gaztelaniaz kantatzen zuen orduan.

Fernando Unsain 1970eko hamarkada amaieran.

Laster itzuliko zen Euskal Herrira betiko, bere izenean euskarazko lehenbiziko disko handia –Nire aitaren etxea defendituko dut-- argitaratu eta IZ disketxea fundatzera. Sortzailea erretretan sartzearekin itxia den IZ disketxe haren katalogoak islatzen du Fernando Unsainek diskoen produkzioan egindako lan luzea, musikaren hainbat alorretako grabazioetan: tritikitxa, koruak, kantautoreak, taldeak, bertsolariak… Ekoizle baino lehen kantari eta musikari izanki –gitarra jotzen agertu izan da beti eszenatokietan— plazetan beste kantari eta bertsolarientzako musikari eta moldatzaile ere aritu izan zen.

Euskal Telebistaren sorreraren ostean, ikusentzunezko edukien ekoizpenean ere murgildu zen. Filmak euskaratu beharko zirela aurreikusita –eta ziurrenik uste izanez EITBk euskaratuko zituela gero bizkoiztuta eskaini dituenak baino askoz gehiago-- IZ-Bi bikoizketa enpresa sortu zuen beste zenbait bazkiderekin; bikoiztaile eskola ere izan zen hainbatentzako enpresa hura. Geroago Fernando Unsainen izena aurkituko dugu Ikuskin produktoran, Txirri, Mirri eta Txiribitonen telebista programak, Funtzioa eta Txiskola bezalako produkzioekin.

Eltzegor taldea, lehen lerroan Fernando Unsain dela, "Ebihotz" diskoaren argazki batean.

Kalitate eta distira handiko tenorea, Donostiako Orfeoian estimatu dute haren ahotsa eta kantaera bere kontzertuetan, azken aldiz duela hilabete gutxi. Alabaina, euskaldun askoren --bereziki Iparraldekoen-- memorian Fernando Unsainen ahotsa Eltzegor taldearen emanaldiei lotuta geratuko da. Bereak dira 1980ko hamarkadatik talde honek kaleratutako hiru diskoetako kanta askoren musikak, eta horien artean Sasitik Sasira kantata izan daiteke haren obra nagusia, berrikitan Baigorrin Ur Muga ekitaldiaren barruan Et Incarnatus orkestrak bertsionatu duena.

Eltzegor taldea oholtzan ezagutu dutenak betikoz oroituko dira Fernandoren brontzezko ahotsaz eta eszenatokian transmititzen zuen beroaz. Kultur elkarte eta herri mugimenduetako kide askok, berriz, gogoan izango dute egoerarik zailenetan antolatzen zituzten kantaldi eta kantuzko omenaldietan bai kantatzera taldearekin batera azaltzeko eduki zuen ausardia eta bai baliabide teknikoak antolatzaileen eskueran jartzeko Fernando Unsainek beti erakutsitako eskuzabaltasuna.

Fernando Unsain gitarrarekin "Sasitik Sasira" kantataren grabaketa saio batean, 1988an.