argia.eus
INPRIMATU
Fernando Sota tafallarra ezkutuan da bere aurkako espetxeratze agindua salatzeko
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak Fernando Sota Tafallako gaztearen aurka urtebeteko kartzela zigorra ebatzi du presoen argazkiak jartzeagatik. Sota ezkutatu egin da espetxeratua izan ez dadin, eta bideo batean ezkutatzeko erabakiaren arrazoiak azaldu ditu.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 16a

Gertakariak 2011ko urrian, Nafarroa Oinezen bezperan gertatu zirela adierazi du. Herriko Ines Del Rio eta Josu Bravo presoen argazkiak eskegi zirela dio eta irudi horiek jartzea egotzi diote. Bi urtetik beherako zigorra izan arren Auzitegi Nazionalak Sotaren aurkako espetxeratzeko agindua eman du.

Ezkutatzera behartuta sentitu dela azaldu du: “Beste egoera batean ez nuen erabaki hau hartuko, baina behartuta sentitu dut neure burua Auzitegi Nazionalak ni atxilotzeko agindua eman duelako”. Ezkutatuta jarraituko duela adierazi du, “egoera hobetu bitartean”.

Presoen aldeko elkartasun adierazpena kriminalizatzeko saio bat dela uste du. Prozesu judiziala gorabeheratsua izan zela adierazi du.  “Ni espetxeratzeko gogoa dute, baina ez diet gustu hori emango”. “Lasai aurkitzen naiz eta jarrera desobedientea izango dut”.

Twitterren @FernanLibre kontua erabiltzen ari dira jarraipena egiteko.