argia.eus
INPRIMATU
Fernandez Iradiren kartzela zigorra etetea eskatu dute, auzi medikuek gaixotasunaren larritasuna baieztatu ostean
  • 2013ko martxoan eskatu zuen esklerosi anizkoitza duen 42 urteko preso politikoak osasun azterketa egin ziezaioten. Eritasuna eta kartzela zigorra bateraezinak direla ondorioztatu dute emaitzek. 

Ane Lusarreta 2014ko otsailaren 13a
Fernandez Iradi 2003an 30 urteko kartzela zigorrera kondenatzeaz gain 20 urteko segurtasun neurria ezarri zioten. (Argazkia: que.es)

Legeak zehazten du medikuntzan adituak diren bi profesionalen diagnostikoak behar direla presoaren osasun egoera kartzelarekin bateraezina ote den epaitzeko eta baldintza hori bete dute Fernandez Iradiri egindako analisiek. Dena dela, bi adituen hitzak aholku-emaileak dira, ez dute epailea lotzen.

Erabakia apirilean

Aurreikuspenen arabera apirilean kaleratu beharko luke epaileak bere erabakia.

Eskaera onartuko balu, Fernandez Iradi sei hilabetero osasun azterketak egitera behartuta egongo litzateke, eta zigorra betetzen jarraitu beharko luke, kartzelatik kanpo bada ere.

Epaileak eskaera atzera botako balu berriz, presoaren abokatu Maritxu Paulus Basurkok adierazi du Parisen helegitea aurkeztuko duela, Iradiren egoera gero eta larriagoa baita eta okerrera egingo duela iragarri baitute medikuek.

Herrirako kideek zigorra etetearen aldeko agiria zabaldu dute eta eragile politiko, sindikal, sozial eta norbanakoei dei egin diete eskaera izenpetu dezaten. Osasun arloko 75 pertsonak (mediku, erizain, psikologo …) izenpetu dute jada.

Protesta Taubirari

Bestalde, Etxeratek hilaren 15ean Baionan antolatu duen manifestaldian parte hartzeko deia zabaldu du Herrirak.

Datorren larunbatean Christiane Taubira Justizia ministroak Baionan emango duen hitzaldia aitzakiatzat hartuta, Euskaldunen enparantzatik 15:30etan abiatuko da manifestazioa, "Eskubideen errespetua noiz ?" aldarripean.