argia.eus
INPRIMATU
Fermin Muguruza eta Zuloak geldiarazi dituzte kaleko jantzitako poliziek Palmako aireportuan
  • “Garbi utzi nahi izan digute badakitela nor garen, non gauden, eta lurralde horretan eurek agintzen dutela” adierazi dio Fermin Muguruzak VilaWeb hedabide katalanari.

ARGIA @argia 2013ko abuztuaren 09a
Fermin Muguruza: \"Garbi utzi nahi izan digute momenturo kontrolpean gaudela\". (Argazkia: VilaWeb.cat).

Ona Mediterrània Mallorcako irrati katalanaren aldeko kontzertu batean parte hartu behar dute gaur Fermin Muguruzak eta Zuloak-ek, eta bart iritsi dira goizaldeko ordu txikitan Palmara. Gauza guztiak hartuta terminaletik atera eta zigarro bat piztu dutenean gerturatu zaizkie kaleko jantzitako bi polizia, plaka erakutsiz. Identifikatu eta galdera batzuk egin dizkietela esan dute: zer egiten zuten Palman, norekin zihoazen eta zenbat egunetan geratuko ziren.

Obra Cultural Balear-eko koordinatzaile Tomeu Martí joan da aireportura euren bila eta hura ere identifikatu egin dute.

Muguruzak VilaWebi azaldu dio indar erakusketa bat izan dela: “Garbi utzi nahi izan digute momenturo kontrolpean gaudela, eta entzuten gaituzten mallorcarrei ikusarazi nahi izan die eurak ere kontrolatuta dituztela”.