Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio epaimahaiak.
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai kazetariek aurkeztu dute ekitaldia Andoaingo Bastero Kulturgunean, eta Andoni Alvarez Andoaingo alkateak zein Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartu dute hitza. Epaimahaiak hil honen hasieran aukeratu zituen sari bakoitzeko launa finalista, eta asteazkeneko ekitaldian ezagutzera eman dituzte.
Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak eraman du, Maite Asensio, Amaia Igartua, Isabel Jaurena eta Olatz Silva kazetariek egindakoa. Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela feministak elkarrizketatu dituzte. Saria jaso dute “ikuspegi askotarikoak azaltzen direlako horien ahotsetan, euskaratik eta feminismoz betetzeko oraina”, epaimahaiaren esanetan. “Emakume bakoitzak beretik erakutsi du indarkeria matxista panorama politiko, sozial eta kultural baten baitakoak direla, eta horrekin batera erakutsi du horri aurre egiteko ezinbestekoa dela memoria kolektibo feminista bat eraikitzea”, azaldu dute Jaurenak eta Silvak saria jasotzean.
Kazetaritza arloko beste hautagaiak ziren June Fernandez kazetariak ARGIAn argitaratutako “Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?” artikulua, Jon Artano Izetaren Juana liburua eta Ipar Euskal Herriko Bada gazte hedabidea.
Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak jaso du. Hainbat gairi buruzko euskarazko bideo labur eta dibulgatzaileak jendearen esku jartzen ditu, “gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe”. Horrez gain, Euskal Wikipediari “hainbeste urtez egindako lan eskerga” aitortu nahi izan dio epaimahaiak. Ander Bolibarrek elkartearen izenean adierazi duenez, “ikus-entzunezkoetan ere apustua egiteko unea da. 2020an hasi ginen euskarazko edukiak sortzeko proiektu honetan eta uste dugu jasotzen dugun feedbacka ona dela eta oraindik badugula zer egiterik eta gogorik”.
Komunikazio sarietako beste hiru hautagaiak hauek ziren: Berria-ren Ezer ez eta festa podcasta; EITBko Ez hain ondo bideopodkasta eta Euskalerria Irratiaren Flop kultura podkasta.
Aurtengoan ere ohorezko mugarria saria banatu dute, eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kazetariak jaso du. Galarragak, epaimahaiak adierazi duenez, “ahalegin eta ekoizpen aparta” egin du zientzia-dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko. Gainera, “zero kilometrotik hasten den” euskarazko komunikazio jarduna egiten du, beti ere "ikuspegi feminista iparrorratz duela". Epaimahaiaren esanetan, “zientziaren protoi bihurtu du feminismoa eta elektroi euskara. Dena aldatzen eta aldatzeko ari den atomoetako bat da. Errepikatzeko moduko eredua”. Ana Galarragak hitzartzean feministak bidelagun izan dituela azpimarratu zuen: “Txorroskilo onenak lagun feministak dira. Dikotomia faltsu guztiak deseraikitzen lagundu didazue: zientziak eta letrak, natura eta kultura, maskulinoa eta femeninoa, gorputza eta burua, aditua eta aritua".
June Fernandez kazetariak ARGIAn argitaratutako “Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?” Kazetaritza sariko finalistetako bat zen. Epaimahaiak “eztabaida publikoan deserosotasuna eragin zuen gaia izan bazen ere, June Fernández kazetariak ordea, analisirako argumentu" bilakatu zuela azaldu zuen, eta Fernándezen erreportajea gordin eta bete-betekotzat jo zuen, “auzian aditu eta arituak diren interlokutore askoren hitzak bildu baitzituen”. Epaileek erreportajea osatzeko baliatutako irudi grafikoen ekarpena ere azpimarratu zuen.