Aste osoan Bilbo jasotzen ari den Emakumeen Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketaren ekitaldi nagusia izanik, guztion indarrak batu eta askotariko alternatiba feminista erakustea izango du helburu ekimenak.
Bilboko Areatza Feministon Herrian eraldatuko da datorren larunbatean urriaren 27an, munduari nolako herri feminista eraiki nahi duten erakusteko asmoarekin.
Horretarako, gosari feminista, “Feministon bakea eraikitzen” mahaingurua, antzerkia, emakumeon bazkaria, manifestazioa eta kontzertuak antolatu dira, goizeko 10:00etan hasi eta gauera arte iraungo duen egun osoko egitarau zabalean.
Euskal Herriko mugimendu feminista eta Nazioarteko Topaketara etorri diren 40 herrialdetako 130 emakumeek parte hartuko dute ekitaldietan eta emakumeen egoera orokorraren zein mugimendu feministek beraiengan duten eraginaren inguruan hausnartuko dute.