argia.eus
INPRIMATU
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan
  • Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu dute Lizuniagako Lepoan (Bera-Sara artean) egindako agerraldian. «Emakumeon kontrako erasoen oldarraldia errotik ezabatu beharreko gaitza» dela aldarrikatu dute.

Antxeta Irratia 2024ko azaroaren 22a

«Gazteen artean eta sare sozialetan nagusitzen ari diren diskurtso misoginoak, eskuin muturraren ideiak batere lotsarik gabe hauspotzeko tresna» direla salatu du eskualdeko mugimendu feministak. «Feministok argi dugu, hauek lotura zuzena dute uda honetan eskualdean bizitu ditugun emakumeon kontrako eraso eta feministon aurkako oldarraldiarekin», egin dute azpimarra. Egoera honen aitzinean elkartzea erabaki dute eskualdeko mugimendu feministako eragileek, salaketa komuna egiteko. «Alde batetik, salatu nahi dugu ustez legeak babestu beharko gintuzkeen arren gabezia handiak daudela indarkeria matxistari aurre egiteko instituzioetan», nabarmendu dute.

Zentzu honetan, Malerrekan eta Lapurdin oraindik ez daukate berdintasun zerbitzurik, eta, beraz, ezta eraso matxisten aurkako protokolo instituzionalik ere. Eta eskualdeko bertze herri anitzetan erasoen aurkako protokoloak besta eremuetara mugatzen direla gogoratu dute, indarkeria matxista urteko 365 egunetan pairatzen duten bitartean. «Nafarroako indarkeria matxistaren aurkako zerbitzuak Iruñean zentralizatuak daude, eta horiek erabili behar ditugunok bidaia luzeak egin behar izaten ditugu N121A errepide arriskutsuan barrena», gogoratu dute. 

Bertze alde batetik, gizarteari deia egin nahi diote, indarkeria matxista sexu eta genero botere harremanen adierazpiderik larriena baino ez delako, eta horren azpian zapalkuntza eta zigorgabetasun sistema errotua dagoelako. «Herritar, eragile eta instituzio guzien ardura da indarkeria horren oinarrian dauden botere harremanak zalantzan jarri eta aldatzea», exijitzen dute. 

Hori dela eta, azaroaren 25aren bueltan, Euskal Herriko mugimendu feministak “Ez bazara konponbidea, arazoa zara” lemapean eginen dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute. Eta aldi berean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren karietara eskualdeko herrietan antolatu dituzten hitzaldi eta tailerretan parte hartzera ere gonbidapena luzatu dute, baita urte osoan zehar mugimendu feministarekin eskuz esku egoera hauek iraultzera ere.

Erasoen oldarraldia udan

2003tik Euskal Herrian gizonekoek 123 emakume eta 12 ume hil dituztela gogoratu dute. Baina datuetatik haratago, sexu erasoak eta indarkeria matxista kasuak eguneroko arazoa direla azpimarratu dute agerraldian. Eskualdean uda luzea izan dela oroitaraziz. Eta adibideak emanez: «Lesakan, sanferminetarako protokoloaren prestaketan harrapatu gintuen karrikan gertatutako eraso batek, eta bertze hiru eraso kudeatu behar izan genituen sanferminetan bertan. Berako bestetan, gizonezko batek emakume bati sexu erasoa egin ziola jakin genuen bestak akabatu eta egun gutitara. Narbarten, nekez lortu zen Bertizaranako udalak herriko hautetsi baten dimisioa eskatzea herrian gertaturiko eraso matxista batekin zerikusia zuelako. Elizondon, Baztandarren Biltzarraren bezperan, sexu erasoa egin zion gizonezko batek emakume bati. Elizondoko bestetan hainbat eraso salatu ziren eta Amaiurren, herriak, brigada moreak eta eragileek salaturiko eraso fisiko baten erantzuna hainbat herritarrek zalantzan jarri zuten.

Aldi berean, hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldi eta proposamenak boikotatu dituzte: Saran, erraterako, banderola feministak urratzeaz gain, bestetako egitarau feministaren aurka jo zuten. Amaiurren, pankarta feministak eta eraso matxisten kontrako protokoloaren materiala xehatu zituzten. Beran, herriko bestetarako proposatutako neurri feministak gutxietsi dira eta pankarta feminista bati su eman zioten».