argia.eus
INPRIMATU
Feministok gerrari planto!
  • Bortxaketa masiboak, giza trafikora eta salerosketara behartutako nesken areagotzea, ikusezintasuna, biktimizazioa, leku aldatze behartuak, indarkeria matxistaren areagotzea...

Hainbat egile* 2018ko maiatzaren 25

Emakumea objektu-mailara beheratua eta gizonaren jabetzatzat hartua izaten da, oso modu basatian, gerretan. Hala, emakumeok eta geure gorputzak gerra-harrapakin gisa hartuak izan dira batzuetan, besteetan txanpon-truke, gerlariaren atseden edota gudu-zelai gisa...

Hori gutxi balitz, gerretan kapitalismoa eta patriarkatua bateratzen dira. Ezin dugu ahaztu interes ekonomikoak direla gerrak, armadak eta euren makinaria guztia mantentzen dituztenak. Elite ekonomikoak Estatuekin batera aritzen dira herrien, herritarron eta bereziki, emakumeon gaineko kontrola mantentzeko. Horrela suntsitzen dituzte gure lurrak eta horrenbestez, herritarron baliabide eta mantenu gaiak. Pobrezia ekonomikoa areagotzen da, mendebaldearenganako menpekotasuna handitzen delarik. Gainera, kolonialismo basati honen areagotzea dela eta, emakumeak menpekoago bihurtzen gara eta gure gorputzen eta lurraldeen kontrako bortizkeria handitzen da, gure bizitokian bizitzea arriskutsua izatera hel daitekeen arte.

Gertakari hau enpresa eta transnazional handiek haien mesederako erabiltzen dute, gobernu eta instituzioen isiltasuna dutela medio. Horrela eramaten da aurrera eredu politiko-sozial kapitalista eta patriarkala, feminismoak aldarrikatzen duen filosofiarekin talka egiten duena, bizitzak erdigunean jarri eta bizimodu duina aldarrikatzen duena.

Emakumeon biktimizazioa edota ikusezintasuna  areagotzen da bai gerretan baita gatazka politikoetan ere. Zentzu honetan, beharrezko ikusten dugu historian arlo honetan egindako lanaren aitorpena egitea, baita gatazken konponbideen prozesuan subjektu aktiboagoa izatea ere

Bestalde, emakumeon biktimizazioa edota ikusezintasuna ere areagotzen da bai gerretan baita gatazka politikoetan ere. Zentzu honetan, beharrezko ikusten dugu historian zehar arlo honetan ere bete dugun papera eta egindako lanaren aitorpena egitea, baita gatazken konponbideen prozesuan subjektu aktiboagoa izatea ere. Hala ez denean gatazkon ondorioak basatien pairatzen dituztenen ahotsak falta direlako.

Hala ere, politikoki zuzenak diren gerraren kontrako diskurtsoak botatzea, ordea, erraza eta doakoa da; baina ez dezagun ahaztu, Abya Yalan, Palestinan, Sirian, Kurdistanen... herritarrak erailtzen dituzten armetako, edota kontrolerako tresneria asko Euskal Herrian ekoizten dela, gure gobernuburuen pasibotasunari esker eta gastu publikoa erabiltzen delarik, maiz. Gerra hemen hasten da!

Guzti honengatik animatzen zaituztegu egunotan, Gerraren Aurkako Emakumeon Nazioarteko egunaren harira (maiatzaren 24an gogoratzen dena) burutuko diren ekimen desberdinetan parte hartzen. Bereziki, maiatzaren 26an Areetan (Bizkaiko Zubitik abiatuta) burutuko dugun manifestapenean, Sener enpresatik ere pasako garelarik. Feministok gerrari planto!

 

Irati Gonzalez Larena

Irati Tobar Eguzkitza

Josune Garcia Bilbao 

Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak