argia.eus
INPRIMATU
“Feministok gerraren aurka gaude, edozein lurraldetan, edozein arrazoi edo aitzakiatan”
  • Bai gerraren aurka, bai horri eusten dion makineria guztiaren aurka borroka egiten duten emakumeak gogora ekarri ditu Armiarma Talde Feminista eta Antimilitaristak. Gerrari eta industria militarrari ezetz esateko, Bilbon elkarretaratzea deitu du astearte arratsalde honetan.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 24a

Maiatzaren 24 bakearen eta armagabetzearen aldeko emakumeen nazioarteko eguna dela eta “inolako gerrarik ez babesteko eta horren kausa guztiak ezabatzeko borroka egiteko konpromisoa” berretsi du Armiarmak, “gerrak hiltzen ez duen eta bakeak zapaltzen ez duen gizarte bat eraikitzeko” konpromisoa.

“Gerrak hil eta bortxatu egiten du. Gerrak etxeak suntsitzen ditu, komunitateak apurtzen ditu eta pertsonak deserrotzera behartzen ditu. Gerrak lurraldea eta bertan bizi diren herriak suntsitzen ditu. Gerra indarkeria matxistak maximizatzen diren agertokia da, patriarkatuaren adierazpena eta betikotzea da”, azpimarratu du talde antimilitaristak.

Munduan dozenaka gatazka armatu daudela gogoratu dute (Ukraina, Yemen, Somalia, Afganistan, Txad lakuaren eskualdea, Sudan, Sahel, Etiopia, Afrika Erdiko Errepublika, Mali, Mozambike, Irak, Siria, Myanmar, Kamerun…) eta gerraren testuinguruan gatazkei aurre hartzen eta bakea negoziatzen ari diren emakumeak erdigunera ekarri dituzte: Beltzezko Emakumeak, Feministak Errusian eta beste leku batzuetan, 1980ko hamarkadako bakezale antinuklearrak, Israel-Palestinan Bat Shalom eta Zipren Lerroa gurutzatzen duten Eskuak taldea, Maiatzeko Plazako Ama eta Amama argentinarrak, Guatemalako Alargunen Koordinadora Nazionala edo El Salvadorren Desagertutako Amen Komitea, Hegoafrikako, Ipar Irlandako edo Guatemalako bake negoziazioetan beren ahotsa erabili duten emakumeak, Kurdistango Bakearen Aldeko Amak, gatazka konpontzeko Turkiako amekin lan egiten dutenak, Kolonbiako Emakumeen Bide Baketsua…

Gure lurretan hasten da gerra

Gerra hau gure lurraldeetako arma-industrietan eta gastu militarretara bideratutako inbertsio publikoan hasten dela nabarmendu du Armiarmak eta elkarretaratzea deitu du astearte arratsalde honetan, 19:30ean, Bilboko Arriaga plazan. “Bada garaia armak eta industria militarra amaitzeko, eta bizitza politikaren eta sistemaren erdigunean jartzeko”.