Iruñeko mugimendu feministak antolatu du, eta emakumeen* bilgune izan nahi du.
Iruñeko mugimendu feministak luzez dirau sanferminak emakumeenak ere badirela aldarrikatzen, eta aldarrikapenari jaialdi formatua ere eman diote aurtengoan. Uztailaren 10ean, asteartea, musika eta ekimenez betetako Feministok Fest jaialdia egingo dute. Errekoleta plazan emango zaio hasiera jaialdiari, 13:30etan, Bertsopoteo Feministarekin. Ondoren bazkariak, kabaretak, jolasek eta musikak hartuko dute tokia.
Plazak eta jaiak emakumeenak* ere badirela defendatzeko eginkizuna gozamenarekin bateragarria delako eman diote bide ekimenari, dantzatu ezin dena iraultza feminista ez dela azpimarratuz.