Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Feministaldiaren XIX. edizioa eta Inmersiones XVII jaialdia azaroaren 20, 27, 28, 29, 30 eta abenduaren 14ean egingo dituzte Donostian eta Gasteizen. Ahizpatu egin dira festibal biak aurtengoan, eta “agur eta ciao” lelotzat hartuta ospatuko dituzte. “Agur eta ciao elkar topatzen duzunean besteari ematen diozun besarkada da, eta joaten zarenean ematen diozuna ere bada”, azaldu du antolakuntzak.
40 bat artistak, aktibistak, pentsalarik eta kolektibok hartuko dute parte, irakurketak, solasaldiak, errezitaldiak, hitzaldiak, agerraldiak, performanceak, DJ setak eta festa barne hartuko dituen jardunaldietan. Azala, Tabakalera eta Kontadores zentroekin elkarlana mantendu da aurten, eta berria abiatu da: Gasteizko ZAS espazioarekin, Inmersiones jaialdiarekin egin den ahizpatasunaren harira.
Azaroaren 20an Donostiako Egiako Le Bukowski tabernan egingo diren irakurketa, solasaldi eta errezitaldiarekin abiatuko dira. 27an Donostiako Kontadores gazte zentroan Euskal Herriko Bollotopaketak eta Mefsst kolektiboak izango dira. Leku berean, 28an, Palestinako Al Qaws for Sexual & Gender Diversity in Palestinian Society taldeko bi aktibistak Palestinako erresistentzia queer eta dekolonialari buruzko hitzaldi bat emango dute. Marokon antolatzen ari den queer mugimenduaren gaineko solasaldi bat ere emango dute Erreddad eta Usmen aktibistek.
Azaroaren 29an, ostiralean, Tabakalerara mugituko dira, hainbat pentsalari eta idazleren eskutik. Larunbatean Las Nenas kolektiboak gidatutako “gala” formal bat izango da, aurreko edizioaren antzera. Hainbat hitzaldi, performance, abesbatza, irratsaio eta kanta bat egingo dituzte; 16.00retatik 22.00ak arte luzatuko da egitaraua, eta Dabadaba aretoan emango zaio Donostiako atalari itxiera LaMia Mari, LinaPary eta Elena Barker dj-ekin. Festara sartzeko sareetara adi egoteko eskatu du Feministaldiak. Abenduaren 14an Gasteizko ZAS espazioan amaituko da aurtengo jardunaldia, Inmersiones jaialdiaren XVII edizioarekin batera antolatutako egun osoko egitarauarekin.
Festibaleko azken egunean, azaroaren 30ean, Euskal Herriko Greba Feministaren urteurrenaren deialdia egongo da, Donostiako Asanblada Feministak deituta. Lekua eta ordua hurrengo egunetan publiko egingo dituzte.
Jardunaldiko ekintza orotan librea izango da sarrera, edukiera betetzen den arte. Hitzaldi batzuk bideo bidez grabatuko dira eta feministaldiaren Youtubeko kanalean izango dira ikusgai.