argia.eus
INPRIMATU
“Feminismoaren aurkako erasoak” salatu dituzte Arrasaten
  • Pottogorriak, Emakumeen Mundu Martxak eta Jaikik, Arrasaten "Jaikiko pintada eta karteletan feminismoaren aurka" egin diren erasoak salatu dituzte. Eraso larritzat jo dituzte gertatutakoak eta "eraldatzailea kontsideratzen den proiektu orok ikuspegi feminista izan behar duela" adierazi dute.

Goiena @goiena 2018ko azaroaren 19a

Hona hemen prentsa oharra, osorik:

"Azkenaldian eta behin baino gehiagotan Arrasaten Jaikiko pintada eta karteletan feminismoaren aurka eman diren erasoen harira, Pottogorriak, Emakumeen Mundu Martxak eta Jaikik irakurketa bat egin dugu. Izan ere, eraso larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Askotan entzun behar izan dugu berdintasunean bizi garela; Arrasateko kaleko paretek eta baita beste hainbat gauzek ere ez dute hori adierazten, ordea. Feminismoa eta henbrismoa sinonimoak direla uste duzue? Edo zuen pribilegioez konturatzeak eta horiei uko egiteak beldurra ematen dizue? Berdintasunean bizi garela pentsatzen duzue? Ba begiratu datuei: Espainiako estatuan 8 orduero emakume bat bortxatzen dute, Euskal Herrian 7 dira eraildako emakumeak aurten, aste honetan gizon batek bere emazte eta semea labankadaz zauritu ditu, azken astean Elorrioko taberna bateko emakumezkoen komunean kamerak aurkitu dituzte... Eta horrela egunkaria bete arte!

Eraso hauek guztiak sistematikoki gertatzen dira, ez da kasualitatea edo pertsona bakar batzuen kontua. Guztion erantzukizuna da hau aldatzea eta beraz, gaur egun eraldatzailea kontsideratzen den proiektu orok ikuspegi feminista izan behar duela ezinbestekotzat jotzen dugu.

Horrelako erasoen aurrean ez gara etxean geldituko, Arrasaten gertatutakoa ere eraso matxista delako eta horrelako pintadak eta jarrerak direlako indarkeria mota guztien eta erailketen aurrekari. Jakin ez garela zerbait gehiago egin arte zain egongo, horrelako ekintzek gure kaleetan ez daukatelako lekurik. Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!"

Albiste hau Goienak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.