argia.eus
INPRIMATU
Feminismoa eta Berdintasuna hiztegia eman dute argitara
  • Feminismo eta berdintasun alorretako euskarazko terminoak jasotzen ditu hiztegiak, dagozkien kontzeptu eta terminoekin. Euskalterm Terminologoa Banku Publikoan integratu da hiztegia.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 30a
(Argazkia: Irekia)

Astelehenean aurkeztu dute Feminismoa eta Berdintasuna hiztegia Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, beren eskariz Elhuyar fundazioak osatu duena. Hiztegiak feminismoaren eta berdintasunaren bueltako euskarazko terminoak jasotzen ditu, indarrean dagoen legeriak ezarritakoetatik hasi, eta gizarte mugimenduetatik sortutakoetaraino. Horiekin batera, nazioarteko erabilera daukaten hitzak ere biltzen ditu.

Hiztegiaren hitzaurrean irakur daitekeenez, hiztegiak erabiltzaileen eskura jartzen ditu “gizartearen garapenerako eta sexuen arteko berdintasun-kultura sustatzeko hain beharrezkoa den terminologia”. Terminoak dagozkien kontzeptu eta definizioekin ageri zaizkio erabiltzaileari, eta bokabulario hori guztia ondoko sailetan antolatuta biltzen du hiztegiak: Berdintasun-politikak, Feminismoa, Desberdinkeria, Indarkeria, Generoa eta sexua, Sexualitatea eta ugalketa, eta Gizarte-antolaketa eta -harremanak.

Hiztegia elkarlanaren emaitza dela azpimarratu dute, berdintasunaren eta feminismoaren eremuko Euskal Herri osoko emakume aritu edota aditu talde baten laguntzaz garatu baita. Instituzioen eta gizarte eragileen arteko elkarlaguntza ekarri du gogora aurkezpenean ere Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, eta aliantzak behar direla adierazi: “Euskarak behar ditu, baita berdintasunak ere”.

Euskalterm Terminologia Banku Publikoan integratu da hiztegia, eta bertan kontsulta daiteke.