Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu behar dela.
“Ezinbestekoa da emakume* eta gorputz disidente oro kalera atera eta borrokan jarraitzea. Segi dezagun Euskal Herria Feminista eraikitzen”, aldarrikatu du Bilgune Feministak, Martxoaren 8ko irakurketan. Oroitu du “Euskal Feminismoa” izan dutela oinarri eta helduleku urteetan, Euskal Herriko trantsizio feministan emandako urratsetan, besteak beste. Nahiz eta testuinguru politikoa eta egoera aldatu, ziurtatu du feminismoa dela helduleku funtsezkoena orain ere: “Feminismoak ematen dizkigu bizi dugun testuinguruaren gaineko analisiak egiteko teoriak eta ideologia borrokatzeko oinarriak”.
Bilguneko kideek ohartarazi dute eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakadaren garaiotan “are nabarmenago” daudela “etsaiaren jopuntuan” emakume* eta gorputz disidenteak. Sistema zisheteropatriarkal kapitalista, arrazista eta koloniala “birfundatzen” ari dela eta ondorioz desberdinkeria areagotzen ari dela gehitu dute.
Dena den, zapalkuntzak eremu askotan daudela kritikatu dute, “ezker aldeetan” ere bai: “Feminismoaren aurkako posizio gisa eta euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu dira”. Era berean, Bilgune Feministak aitortu du “zapaldu bezain zapaltzaile direla”, eta posizio horretatik abiatuta, berretsi du “inoiz baino argiago” duela aliantzak ezinbesteko helduleku dituztela, eraiki nahi duten Euskal Herria sortzeko.
Bilgune Feministak salatu du egungo sistemak mekanismoak dituela bere horretan mantendu eta emakumeak* eta gorputz disidenteak zapaltzeko “askotariko ardatzetan”: “Gure gorputz eta bizitzetan etengabeko indarkeria egoeretara garamatzana, material nahiz sinbolikoetara”. Horri guztiari aurre egiteko ezinbestekotzat jo ditu kalera ateratzea eta borrokan jarraitzea: “Dimentsio bakoitzean alternatibak eraikitzen ari gara eta faxismoari aurre egiteko antolatzen jarraitzen dugu”. Martxoaren 8a ere horretarako baliatzera eta mobilizatzera deitu du Bilgunek.