argia.eus
INPRIMATU
“Felix Sarasola, Usurbilek eta Euskal Herriak izan duten euskal enbaxadorerik onena”
  • Hitza, kantua eta musika batu ditu igande eguerdian, Felix Sarasolaren alde Usurbilgo frontoian ospatu den herri omenaldi hunkigarriak. Felixen bizitza irudikatuz, Kuba eta Euskal Herrira joan etorrian ibili da omenaldia, ozenoaren bi aldeak elkartu ditu, eta omenduak hain gustuko zuen lagun arteko mokadu batekin borobildu dute ekitaldia.

Usurbilgo Noaua @noaua 2019ko apirilaren 01
Duo Jade bikote kubatarrak 'Al vaiven de mi carreta' kantatu zion Sarasolari. (Argazkia: Noaua)

Kuba eta Euskal Herria lotu eta elkartu ditu omenaldiak. Felixek batean zein bestean utzitako arrastoaren islada argia izan da frontoiko emanaldia. "Arrasto batek bildu gaitu gaur hemen guztioi. Hemen, Usurbilen hasi eta ozeanoa zeharkatuz La Habanaraino heldu eta bueltan jatorriraino dizdiraz betea iritsi den arrastoak. Joan eta etorriko ibilbide horretan, Pelixek hemen, Felitok Kuban, gu guztiongan utzi du marka berezi bat". Lau hitzokin laburbildu daiteekena, Aizpuruaren esanetan; laguntasuna, eskuzabaltasuna, elkartasuna eta maitasuna. 

Aizpuruak gaineratu duenez, "ezkertiarra, eta pertsonen eta herrien arteko elkartasunaren baloreak defendatu bakarrik ez, praktikan jartzen zituen horietako pertsona bat zen Felix", euskaldun abertzale peto-petoa, "Usurbilek eta Euskal Herriak izan duen euskal enbaxadorerik onena". 

Trikitilarien aurkezpen ezberdina

Felixek bere lagunengan utzitako arrastoa, kantuan, bertsotan, musika baliatuz itzuli diote esker onez. Ozeanoaren bi aldeetako, Kubako eta Euskal Herriko lagun eta sortzaile hainbatek kantuan eta musikaz blaitu dute ekitaldia. Ander Lizarraldek hasi du ekitaldia bertsotan, "Felix Habanako bere etxeraino iristen ziren euskal gazte guztien aitapontekoa zelako". Ruper Ordorikak zenbait koplen bidez abestu dio Felixi, baita Joseba Tapiak ere. "Maitatzen zaitudalako" abestia eskaini dio.

Bere bidez, trikitilari belaunaldi berriaren alde Sarasolak eginiko ahalegina ezagutu dugu. Antza, Andatzpe elkartean antolatu baitzuen Felixek, tritikilari belaunaldi berriak, tartean Tapiak berak grabatu zuten diskoa. "Diskogintzaren hasierako pauso hori berari zor diote trikitilari askok Tapiak kontatu digunez", zioen Mertxe Aizpuruak. Tapiak oroitzen zuenez, "Pelixekin aurkezpen ezberdin bat hitzartu genuen eta hala antolatu genuen erromeria txiki bat Andatzpen". Aurkezpen hark ohitura sortu zuen gerora. "Elkarretik pasatu ziren trikitilari guztiek gauza bera egiten segitu zuten", Tapiaren esanetan. 

Txitxardineko lagunak

Andatzpe elkartean gastronomia eta sorkuntza uztartu zituen moduan egin zuen baita Lasarte-Oriako Txitxardin Beltza jatetxean ere, Usurbilgo Baba Txikiaren Kofradiako sortzaileetariko bat izan zenak. Ezkontzak eta halako ospakizunetarako sarritan gonbidatu zituen, Olatz Korta eta Xabier Zubeldia musikariak ere gaur frontoian ziren. Kubara bueltan eraman gaituen Xabier Leteren "Habanera" kantatu diote. 

ARGIAren eta Sarasolaren arteko aspaldiko harremanen kontakizuna Joxemari Ostolazak idatzia, Joxemari Irazustak irakurri zituen Usurbilgo omenaldian. (Argazkia: Noaua)

Txixardin Beltzak eta Argia Taldeak ere lotura estua izan zuten, lotunea Felix bera. Urte askoan jatetxean bertan ospatu izan dituzte Argia Sariak. Argia Taldearen izenean, bertako kide Joxe Mari Ostolazak Sarasolari idatzitako hitzak irakurri ditu Joxe Mari Irazustak. 1968an elkar ezagutu zuten Bordatxo tabernan. Kanpoan zela, gutun bidez Argia aldizkariak bidaltzea eskatzen zuela  Felixek, oroitarazi du. Txartel hotelean zela, hango "jantokia izan genuen gure konspirazioetan bilgune, hain ongi eta modu onean ematen baitzigun jaten Pepelixek". 

Ostolazak dioenez, "Pepelix berezia izateaz gain, bakarra izan da. Beharrezkoa baino ezinbestekoa. Bera, egin diodan aitortza honekin ez zela ados egongo jakitun, begira ditzala berak utzitakoen bilakaera esango diot, horrek frogatzen baitu bera beharrezkoa baino ezinbestekoa izan dela. Eta ziur naiz zenbat estimatzen genuen bazekiela. Milesker Felix!”.

"Emozionatzeko gaitasun mugaezina"

Lasarten zela ezagutu ziren Felix Sarasola eta Porrotx. "Fotokopiak ginela esaten zuten", adierazi du gaur frontoian. "Haur handi bat zen gure Felito, berak beti zuelako abesteko, jolasteko, harritzeko, emozionatzeko gaitasun mugaezina". Jendartean banatu dituzten puxika koloretsuak puztu eta aireratzera animatu ditu Porrotxek omenaldira joandakoak, Porrotxek Habanan azken Aberri Egunean egin bezala. Orduan, "Felito ikusi nuen nire parean, emozionatuta, ez zait sekula ahaztuko". Globo koloretsuen jaurtiketarekin, txuri-beltzez margotu nahi diguten mundu itsusiari kolorea jarri nahi izan zaio. Argi du Porrotxek, mundu hau koloretakoa izango bada, "gu bezalako pertsona eta herri txikien koloreekin" izango da Porrotxek gaur Usurbilen eta Habanan adierazi zuen moduan.

Ozeanoz bestaldeko lagun eta ahots bat baino gehiago batu ditu herri omenaldiak. Kantu lirikoan profesionala den Aurora Parra. Euskal Herrira etorri eta kontzertuak ematen hasten Felixek lagundu zuen Duo Jade biota baita. Sarasola zendu berritan Kuban egin zioten omenaldian parte hartu zuen Duo Jadek. "Han abestu genuen kanta abestuko dugu, Felixen kanta gogokoenetakoa", adierazi dutenez, "Al vaivén de mi carreta". 

Sarasolaren anaia Joxe Ramonek jaso du Joseba Sarrionandiaren hitzak daramatzan oroigarria. (Argazkia: noaua)

Lagun arteko mokadua

10 urte bete eta bere urtemuga festaren biharamunean zen Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak eman dio amaiera ekitaldiari, "Txoriak txori" abestuz. Abestira batu dira bertaratu diren guztiak. 

Felixekin bat zetorren ekitaldia izanik, Saizarko sagardoz, Arruti harategiak oparitu eta Andatzpe elkarteak sukaldaturiko hamaiketakoarekin borobildu dute hitzordua, Felixek hain gustuko zuen lagun arteko mokaduarekin hain zuzen ere.

Antolakuntzaren ahotik, Felixen etxekoek bere aldeko omenaldia prestatu eta hitzorduan parte hartu nahiz bertaratu diren guztiei esker ona helarazi diete. Gaurko ekitaldia iragartzeko kartelak Felixen irudia zekarren, Joxe Ramon Urtasun nafar margolariak sortutakoa. Irudi hau opari moduan eman dio artistak, familiari. Felixen anai Joxe Ramon Sarasolak jaso du. Joseba Sarrionandiak idatzitako hitzok ditu: "Bide asko pasatzen ziren Felixengandik, orain bidegurutze berriak behar ditugu". 

Artikulu hau Noaua-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.