argia.eus
INPRIMATU
Goldaketarik gabeko nekazaritza
Felix Noblia, Parisko Ferian agroekologiako saria jaso duen laborari gaztea
  • Felix Noblia nekazari gazteak irabazi du Parisko laborantza feria famatuan Agroekologiaren sari nagusia, Frantziako Gobernuak emanik. Erretretara zihoan osabaren etxaldea harturik, laborantza industrial intentsibo batetik agroekologikora ekarri eta trantsizioaren erreferentzia bihurtu da Noblia Iparraldean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko martxoaren 24a
Felix Noblia alaba txikiarekin Burgue-Erreitiko bere etxaldean. (Argazkia: Alim'Agri)

2008an, hogeita hiru urte bete berriak eta biologiako titulazioa sakelan, nekazaritzan baino burua musikan zeukan Felixek utzi sortzen ikusi zuen kostaldeko Bidarte eta Nafarroa Behereko Burgue-Erreitira joan zen osaba Michel Latailladeren etxaldearen kargu hartzera.   

Baina nekazaritzan murgiltzeaz gain, agroekologiarako trantsizioari eutsi zion berehala, biologikoan sartu eta gainera lurrik goldatu gabeko sistemari ekin. Alde batera utzi Amikuzeko paraje haietan nagusi den artoa “ur eta botika gehiegi kontsumitzen dituelako”, hainbat landare espezie erein, hauekin errotazioak egin, behiak berriro haiek bazkatzera atera ia urte osoan, soro haietarako egokiagoak diren behi arrazatara pasa…

Ofizio berrian hasi eta urte gutxira, Frantziako Gobernuak sariduna ohoratzeko erreportajean dioenez, lurra goldatzeari utzi zion. Goldatzerik gabeko laborantza, hasieran permakulturan eta ortugintzan zabaldu dena, gero eta gehiago doa indartuz eremu zabaleko soroetan ere.

Nobliak 2016rako etxalde osoa biologikoan sartuta zeukan, eta nekazaritza ekologikoan bizimodua atera daitekeela demostratzeko ikerlanetan murgildu zen. Geroztik, Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin elkarlanean inguruko baserritar askoren erreferentzia bilakatu da Felix Noblia gaztea.

Nobliari elkarrizketa interesgarria egin dio Berrian Nora Arbelbidek. Parisko saridunen artean Felix Nobliari Frantziako Gobernuak egin dion bideo laburra ere argigarria da.