argia.eus
INPRIMATU
Felipe VI.aren koroatzeaz kontatu nahi ez dizutena
  • Uste baino askoz jende gutxiago, errepresio poliziala eta atxilotuak. Alberto Pradilla Garako kazetariak Felipe VI.a Espainiako Erregearen koroatzea gertutik jarraitu du eta ikusitakoaren kronika egin du Info7 Irratian.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 20a
Poliziak ez zuen inolako sinbolo errepublikarrik nahi (argazkia: Javier Nadales)

Bere aitarena bezalako koroatze jendetsua aurreikusten zuten baina ez zen hala izan: “Felipek bi ibilbide egin zituen. Lehenengoa oso azkar egin zuen, oso jende gutxi zegoelako. Bigarrenean jende gehiago zegoen, baina asko turistak ziren”.

Antzeko zerbait ikusi zen Oriente plazan ere Felipe Borboikoa familiarekin han bildutako jendea agurtzera atera zenean: “Plaza erdizka beteta zegoen”.

Madrilgo Udalak boluntarioak kontratatu zituen espainiar banderatxoak banatzeko jendearen artean, baina ez zuten lortu guztiak banatzea, Pradillaren arabera soberan izan zituzten.

Edozein sinbolo errepublikar saihesteko presioa azpimarratu du Garako kazetariak: “Kontrol polizialak zeuden ibilbidera sartzeko, eta boluntarioek bandera errepublikarrik ikusten bazuten poliziari abisua emateko agindua zuten”.

Errepresioaren adibide izan da Gran Vian gertatutakoa: “Talde batek bandera errepublikarra atera du eta poliziak 40 minutuz baztertu ditu”. Eta horrez gain, 3 atxilotu ere egon dira. Horietako bat segizioa pasatzen zen bitartean “Gora Errepublika!” oihukatzeagatik eraman du poliziak.