Felipe VI.ak hamar urte bete ditu boterean ekainaren 19an. Vilawebek bildu ditu erregealdiko unerik ilunenetako batzuk. Horien artean daude bere aita Juan Carlos I.ak Arabiar Emirerri Batuetara ihes egin zuenekoa eta 2017ko urriaren 3an Kataluniako erreferendumaren aurkako diskurtso bortitza.
Espainiako Felipe VI.aren erregealdiak hamarkada bete du. Vilawebeko artikulu batean errepasoa egin diote bere agintaldiari eta haren alde ilunak agerian utzi. Horietako kasu batzuk jaso ditugu.
Lehen egunetik
Koroa jartzeko hautatu zuten eguna oso karga sinboliko eta politiko handia du. 2014ko ekainaren 19an, borboien lehenbiziko Espainiako erregea Felipe V.aren tropek Xàtiva (Valentzia) erre eta herritarrak deportatu zitueneko 307. urteurrena baitzen.
Errege ukiezina
Aitak abdikatu zuenean, aldaketak aire freskoa edo modernitatea ekarri behar zituela zioten monarkiazaleek. Baina, herritarrek monarkiaz zer pentsatzen duten jakiteko aukerari beti uko egin diote. Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) Felipe VI.aren erregealdiari buruz 2015eko apirilean galdetu zuen. % 21,7k esan zuen ez zuela inolako konfiantzarik erakundean.
Urteen poderioz, CISek monarkiari eta estatu ereduari buruz berriro galdetzeko eskatu du, baina Espainiako Gobernuak esan izan du ez dela beharrezkoa, “gizartean eztabaida hori ez dagoelako piztuta”. Era berean, PSOEk bat egin du behin eta berriz PP, Vox eta Ciudadanos-ekin, Felipe VI.ak bortxaezin izateari uzteko eskatu den guztietan Parlamentuan.
Ustelkeriak
Felipe VI.aren erregealdiak Juan Carlos I.aren itzal ustelarekin batera bizi behar izan du. Juan Carlos I.aren negozio ilun guztiak hamarkadatan isilpean gorde ondoren, komunikabide nagusien ezinbesteko laguntzarekin, gutxinaka-gutxinaka haren jukutria eta ibileren xehetasunak argitaratzen hasi ziren. Borboiek bildutako dirutzak mugak zeharkatu ditu babesleku seguruen bila, hala nola Suitza eta Jersey uhartea. Juan Carlos I.ak dirua mugitzeko erabili zuen pantaila-sozietateetako batek, Lucum Fundazioak –Panaman du egoitza–, Felipe VI.a zuen oinordeko. Eskandaluan bete-betean sartuta, estatuburu berriak publiko egin zuen herentziari uko egingo ziola.
Aitaren bizitza alde batera utzita, Felipe VI.ak ikusi du ustelkeria etxeko sukalderaino sartzen. 2017an bere koinatu Iñaki Urdangarini sei urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Epaia jakitera eman baino lehen Felipe VI.aren eta Letizia Ortizen lagun "arriskutsuak" argitaratu ziren, zehazki Javier López Madrid enpresaria, black txarteletan eta Lezo kasuan inplikatuta zegoena. Guardia Zibilak atxilotu egin zuen. Bankian egindako gehiegikerien eskandalu bizi-bizirik zenean, López Madridek harreman estua izan zuen errege-erreginekin, eta haiekin era guztietako mezuak trukatu zituen. Letiziaren compi yogui-a zen bera.
Independentisten aurkako Felipe
2017ko urriaren 3ko diskurtsoak markatu zuen Feliperen jarrera politikoa, errepresioaren bandera bere egin eta kataluniarren aurka indar osoz ekitea babestu zuenean, U1eko erreferendumaren harira. "[Kataluniako] Agintari horiek gutxietsi egin dituzte espainiar guztiak batu eta elkartuko dituzten afektuak eta elkartasun-sentimenduak; eta beren jokabide arduragabearekin arriskuan jar dezakete Kataluniaren eta Espainia osoaren egonkortasun ekonomikoa eta soziala”, esan zuen, besteak beste. Kataluniako Parlamentuak gaitzetsi egin zuen erregearen mespretxuzko jarrera. Diskurtso horrek erregearen espainolismoaren erakusle gorena izan zen, baina gehiagotan ere erakutsi du jarrera hori, Kataluniako independentzia prozesuaren aurkako epaiketan esku hartu zuenean bezala. “Ez da onargarria ustezko demokrazia eskubidearen gainetik jartzea; izan ere, legeei dagokienez, ez dago ez bizikidetzarik ez demokraziarik, baizik eta segurtasunik eza, arbitrariotasuna eta, azken batean, gizartearen printzipio moral eta zibikoen hutsegina”, esan zuen Gorenaren iritziari buruz.
Horri guztiari gehitu behar zaio Felipe VI.ak diskurtso bat egin zuela Europako Parlamentuan Kataluniako independentziaren aurka.
Dardara Balearretan
Felipe VI.ak Balear uhartetan ezartzen ari diren ultren agendan esku hartu du. Reyal Acadèmi de Sa Llengo Baléà akademia pribatua lagundu izan du. Mallorcako talde antikatalanista da, katalanaren hizkuntzaren batasuna ukatzen duena. “Errege-etxeak ‘Real/Reyal’ titulua eman zion akademiari.
Hizkuntza katalanari egindako erasoetatik harago, estatuburuak boterea erabiltzen jarraitzen du Mallorcako Marivent Jauregia udako bizileku gisa erabiltzeko, nahiz eta Ioanes Saridakis artistak, hil aurretik, erabakita utzi zuen bere jauregia zena eta barruan duen arte-bilduma garrantzitsua Balear Uharteetako gizarteari utzi nahi zizkiola.