argia.eus
INPRIMATU
Felipe VI.aren eta Cristobal Colónen irudiak erre ditu Sortuk hispanitatearen egunaren aurka
  • Asteburuan eta urriaren 12ko astelehenean hainbat mobilizazio antolatu ditu Sortuk Euskal herri osoan. Iruñean Colónen eta Espainiako Erregearen estatua bana bota dute lurrera.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 12a
Besteak beste Bilbon erre dituzte Colón eta Felipe VI:aren irudiak.Argazkia: @Mikel_Gorri.

Hispanitatearen eguna salatu du Sortuk urriaren 12an eta aurreko egunetan deitutako mobilizazioetan. Horietariko gehienetan Espainiako Errege Felipe VI.aren Cristobal Colón konkistatzailearen irudiak erre dituzte manifestariek, atzoko eta gaurko kolonialismoaren aurka egiteko.

Iruñean, estatuak lurrera

Astelehenean Iruñean egin du mobilizazioa Sortuk. Bertan, irudiak erre ordez, Colónen eta Felipe VI.aren kartoizko estatua banari soka lepotik lotu diete eta tiraka lurrera bota dituzte manifestariek. AEBetako poliziak George Floyd itoz hil ostean mundu osoan protestak piztu ziren, eta horietako askotan tokian tokiko kolonizatzaile eta konkistatzaileen omenezko estatuak bota zituzten herritarrek.

Iruñeko ekitaldian Africa United, Nikaraguako migratzaileen Mujeres del Maíz eta Ekuadorreko migratzaileen Compartiendo Raíces elkarteek hartu dute hitza, besteak beste. Potentzia handien eta Espainiaren atzoko eta gaurko kolonialismoak dituen ondorioak salatu dituzte. “Jakin badakigu kolonialismoak pribilegio ekonomikoak ekarri dizkiola Euskal Herriari, eta horrekin ez gaude harro. Halaber, espainiar eta frantziar supremazismoek gure hizkuntza, kultura eta erakundeak menderatu dituzte”, esan du Beñat Hach Embarek euskal sahararrak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Jarraian Bilbo, Tolosa eta Iruñeko mobilizazioen irudiak: