Otsailaren 9tik 12ra deklaratu beharko dute Urriaren 12an Iruñean egindako prostestan parte hartu zuten gazteek. Urtarrilaren 12an ziren deklaratzekoak, baina Madrilek bizi zuen Filomena ekaitza medio atzeratu egin zuten.
Iruñeko Justizia Palaziotik egin behar zen lehen deklarazioa eta orain ere hala egingo dute egun horietan. Hori dela eta, otsailaren 9rako goizeko 10etan protesta bilkura deitu dute jauregiaren aurrean Adierazpen askatasuna lelopean.
Auzitegi Nazionala aztertzen ari den gertaerak urriaren 12koak dira, Sortuk eta hainbat immigrante kolektibok Espainiako Festa Nazionalaren harira Iruñean deitutako ekitaldiaren aurrean. Bertan sokekin lepotik tiraka Espainiako Felipe VI.a eta Kristobal Kolonen estatuak eraitsi zituzten.
Horren harira Espainiako poliziak deklaratzera deitu zituen gazteak Iruñean eta orain Auzitegi Nazionalaren aurrean deklaratu beharko dute. Gazteek salatu dute ulergaitza dela horrelako ekitaldi bategatik deklaratzera deitzera, horren atzean botere atzerakoiak daudela eta Espainiako Erregea eta Espainiako botere koloniala kritikatzea ezin dela delitu gisa ikertu. Gaur egun Espainiako Estatuan festa nazionala den hori hasieran Arrazaren Eguna zen eta ondoren oraintsu arte Hispanitatearen Eguna deitu da.