Espainiako Errege Etxeak bere webgunean publiko egin berri duenez, Borboi familia horretako kideek ia 680.000 euro poltsikoratu zituzten soldata gisa 2018an.
Felipe VI.a Espainiako erregeak joan den urtean 242.769 euro irabazi zituen –hilero 20.230 euro–, bere emazteak aldiz, Letizia erreginak, 109.260 euro. Espainiar errege familiak orotara 679.818 euro poltsikoratu zituen 2018an soldata gisa, eta Errege Etxearen urteko aurrekontua 7,9 milioi eurokoa izan zen –horietatik 3,8 milioi euro pertsonaleko gasturako–. Baina errege familiatik aparteko goi karguek ere 100.000 euroko urteko sarrerak izan zituzten.
Hori guztia gutxi balitz, duela egun gutxi Espainiako Kongresuan zintzilikatutako Felipe VI.aren erretratuak 88.000 euro kosta ditu. Horiexek dira publiko egin berri diren datu ofizialak, denon zergetatik ordaindu beharrekoak.
Ez da egia dirua falta denik jendarteko sektore umilenen beharrak asetzeko, nahiz eta milioika pertsona egon 900 euroko gutxieneko soldata ere ez dutenak edo 634 euroko pentsio minimora iristen ez direnak. Joan den astean txoko honetan salatu dugu estatuek gastatzen dituztela milika milioi euro armetan. Orain badakigu Espainiako Estatuan zenbat gastatzen den monarkia anakronikoa mantentzeko.
Berdintasuna sustatzeko politika sozialik ez dago, eta politika antimilitarrik are gutxiago: aberastasuna ez da zuzen banatzen. Ez al da lotsagarria Felipe V.ak gure zergetatik 20.230 euro jasotzea hilean, gutxieneko soldata eta pentsio miserable horiek daudenean? Justua eta bidezkoa eta zentzuduna al da erregeek eta errege-ohiek antigoaleko 100 milioi pezeta eramatea urtero?
Gaur egun monarkia mantentzea, garaiz kanpokoa eta antidemokratikoa izateaz gain –ez baitugu guk aukeratu–, ekonomikoki ere kostu itzela dakar eta irain bat da herritarren gehiengoak dituen soldata eta pentsioekin alderatzen badugu. Bederenik, herritarrok erabaki beharko genuke hori horrela izatea nahi dugun ala ez.